Imanol Landa alkateak asteazkeneko aurkezpenean esan zuenez, "ETA talde terroristak jarduera armatua bertan behar utzi zuenean gure euskal gizartean martxan jarri zen bake garai berriari zuzen zuzenean lotutako topaketa eta eztabaida gunea bultzatzea poztasun handia da gure herriarentzat". Era berean, udal agintariak aipatu zuen egitasmoak "bake eta bizikidetza kulturaren garapenean aurrera" egin nahi duela udalerrian, "alor pertsonalean, familiarrean eta sozialean oinarrituta, lan honetan tokiko esparruak duen ahalmena nabarmenduz”.
Ikastaroak
Baina, hitzaldiez gain, ikastaroak ere egingo dituzte. “Gatazken ebazpenerako eta bitartekaritzarako trebetasunak Getxoko elkarteentzat” izenekoak 9 saio izango ditu, bakoitzak bi orduko iraupena edukiko duela. Eskolak azaroaren 15, 17, 22, 24 eta 29an eta abenduaren 1, 13, 15 eta 20an izango dira, Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegian. Izen-ematea mugatua da, 20 pertsona, eta lehendabizi aurkeztutako eskaerek lehentasuna izango dute. Horretarako 675 715 661 telefono zenbakira deitu beharko da.
Bestalde, Udalak Getxoko ikasleen artean etxera eramateko foiletoa banatu zuen, aita-amak “Guraso / seme-alaben arteko gatazkak ebazteko eta elkarrizketarako trebetasunak” ikastaroan arte hartzera animatzeko. Hori Algortako Villamonteko kultur aretoan egiten ari dira. Lucia Gorbeña GEUZeko koordinatzailearen arabera, “bake kulturaren garapen betea oso lotuta dago maila guztietako pertsona orok elkarrizketaren, negoziazioaren, adostasunaren eta gatazkak era baketsuan ebaztearen aldeko jarrerak edukitzeko aukerarekin. Abiapuntu horietatik aipatutako ikastaroak antolatu dira, bake eta elkarrizketarako kultura sustatzeko baliabideak errazte aldera, familiaren esparruan eta Getxon paper garrantzitsua jokatzen duen elkarteen sarean”.