Getxoko Udaltzaingoak 42 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbat goizaldean bere bikotekidea erasotzea egotzita. Gertaera, ostiralean, 22:50ak aldera izan zen, udal iturrien arabera. Algortako etxebizitza batean emakume baten kontrako eraso bat gertatzen ari zela ohartarazi zuten Udaltzaingoaren Koordinazio Gunean. Bertara helduta, gizon batek emakumea jotzen ikusi zutela adierazi zieten hainbat lekukok poliziei. Aipatu lagunek gizonari ekintza erantzuki zioten, baina ez omen zien kasurik egin. Polizia heldu aurretik alde egin zuen ustezko erasotzaileak etxetik. Etxera sartuta, emakumezkoak kolpe zantzuak zituela ikusi eta anbulantzia batek Gurutzetako ospitalera eraman zuen, agenteek lagunduta. Ustezko erasotzaileari dagokionez, udaltzain batek birritan hitz egin zuen berarekin telefonoz, poliziaren egoitzara joateko eskatuz, baina ez zion jaramonik egin. Larunbatean, goizeko 4ak aldera, udaltzainek biktima etxera lagundu zutenean, gizona ohean lo egiten aurkitu omen zuten. Une horretan atxilotu eta epailearen esku utzi zuen, udal iturriek aipatu dutenez. Argazkian, Algortako Bilgune Feministaren protesta bat.