Esan bezala, hauteskunde hauetan EHUk boto elektronikoa erabiliko du lehenengo aldiz, lau ikastegitan —Letren Fakultatea, Psikologia Fakultatea, Medikuntza eta Odontologia Fakultatea eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa— ikasleek eta irakasle eta ikertzaile iraunkorrek aipatu sistema baliatuko baitute. Graduondoko ikasleek ere elektronikoki bozkatuko dute eta aipatu lau ikastegietako ikasleek sistema horren bidez aukeratuko dituzte Ikastegiko Batzarreko ordezkariak.
Erraza eta intuitiboa
EHUk aukeratutako boto elektronikoko sistema oso erraza eta intuitiboa da, unibertsitateko iturriek aipatu dutenez. Aldez aurretik boto-emailea identifikaturik egotea (bai sinestamenduaren bidez —errolda elektroniko osoari banatu zaizkio sinestamendu pertsonalizatuak—, DNI elektronikoaren bidez, edo, irakasle eta ikertzaileak izanez gero, txartel korporatiboaren bidez) eta interneterako sarbidea daukan ordenagailu bat eskura izatea soilik eskatzen du.
Tokiko arduradunen hitzetan, "ospe handiko adituek ikuskatu dute sistema eta segurtasun berme guztiak ditu". Beste abantailetako batzuen artean aipa daiteke zenbaketa errazten duela eta barruti bakoitzean hautesmahai bat osatzea ekiditen duela. Oraingoan hautesmahai elektroniko bakar bat osatuta dago. Boto elektronikoko sistema honekin, EHUk "beste urrats bat" eman du administrazio elektronikoa ezartzeko bidean, "bizkortasuna, eraginkortasuna eta epe laburragoak" lortzeko asmoz.