Sakoneta kiroldegiko tornuetatik sartzea errazteko asmoz, instalazioetako erabiltzaileen txarteletako sistema aldatzear dago Leioako Udalak. Bazkideak datorren astelehenetik aurrera pasa daitezke kiroldegitik txartel berriak jasotzera. Orain arte, txarteletan inprimaturiko barra-kodeak irakurriz egiten zen kontrola. "2004tik abian dagoen sistema honek arazoak eman dizkie erabiltzaile askori, barra-kodea irakurtzeko zailtasunak baitzeuden", tokiko iturriek aipatu dutenez. Hainbat azterketa egin eta beste sistema batzuk aztertu ostean, urtarriletik aurrera Bizkaiko Garraio Partzuergoak bere sarean ezarriko duen sistemaren antzekoa aukeratu dute. Erabiltzaileak txartel berria hartzera joan daitezke jada, Sakoneta kiroldegiko atezaintzara, 8:00etatik 21:00etara. Argazkian, txartela balioztatzeko puntuaren gainetik pasatzea nahikoa izango da kiroldegira sartzeko / © Leioako Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!