Esan bezala, ohi denez, ospe handiko egileak helduko dira Areetara. Horiek guztiak hitzaldietan eta aurkezpenetan arituko dira, hain arrakastatsuak diren sinatze-txandekin batera. Horrela, zaleek autorerik gustukoenak zuzen-zuzenean ezagutzeko aukera izango dute. Bestalde, azokak komikiaren munduko profesionalei urtero eskaintzen dien omenaldi tradizionaleko protagonistak hauek izango dira: Josep Maria Berenguer beteranoa, La Cupula argitaletxe enblematikoko editorea; eta Bilboko Astiberri argitaletxea, soilik hamar urteko ibilbidean arrakastaz betetako bidea egin duena, kalitatezko komikiak argitaratzeagatik.
Erakusketak
Halaber, erakusketak ez dira faltako aurtengo Getxoko Komiki eta Manga Azokan. Hamargarren ekitaldian, zenbait egileren lanen inguruko mostrak egingo dituzte. Horrela, publikoak ondorengo erakusketa monografikoa bisitatu ahal izango du: "Jazz Bulles Blues: komikia swing erritmoan”. Kasu horretan, binetaren, jazzaren eta blues-aren artean dagoen harremana ikus ahal izango da, Belgikako autore ospetsuen lanean. Han kokatuko dira, baita ere, La Cupula eta Astiberri argitaletxeei eskainitako mostrak; eta, azkenik, Portugaleteko Komiki Lehiaketaren 25. edizioaren erakusketa.
Bestalde, karparen kanpoaldean, “El Balanzin” aldizkariaren erakusketa ikusgai egongo da, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren argitalpenarena, alegia. Gainera, azken urteetan ohikoa den moduan, udal erakusketa-aretoetan eta Getxoko hainbat lokaletan, komikiarekin lotutako hainbat mostra izango dira, eta tartean Euskal Irudigileen Elkarte Profesionaleko artista ezberdinen lanak. Horiez gain, Victor Santos sortzaileari eskainitako erakusketa Bizkaiko Zubian egongo da.
Hitzaldiak, mahai-inguruak eta proiekzioak
Horri guztiari argitaletxeek eta egileek berrikuntzen inguruan egingo dituzten aurkezpenak gehitu behar zaizkio. Eta ez dira ahaztu behar areto nagusian egunero izango diren hitzaldiak eta mahai-inguruak edota emanaldiak, horietako asko ziklo interesgarrietan bilduak. Multimedia, animazioa, film laburrak, dokumentalak edo animeak... publikoak komikiaren munduarekin lotutako aniztasun zinematografikoaz gozatzeko aukera izango du. Manga komikiaren zaleek, berriz, haiei zuzendutako jarduera ezberdinak izango dituzte igandean, azaroaren 27an, horri eskainitako egunean.