Instalazioen zabalkundea osatzeko, beste zenbait gune ere eraiki dituzte: komunak, bilera-areto bat, epaile nagusiarentzako gela dutxatzeko espazioarekin, epaileentzako beste gela bat, biltegi txiki bat eta garbitokia. Futbol zelaia da aurreko legegintzaldian martxan jarritako zerbitzurik aipagarrienetakoa, eta orain, "bere arrakasta dela medio", ekipamenduaren instalazioak handitu dituzte. Hala ere,, instalazioak handitu arren, futbol-zelaiari dagokion lursailaren espazioa ez da handitu, udal arduradunek zehaztu dutenez. Izan ere, lanak harmailen azpiko 209,45 metro koadroko azaleran egin dira, lehendik zegoen hutsune bat aprobetxatuta. "Udalak duela lau urte zelaia eraiki zuenean, kontuan izan zuen, beharbada, egunen batean handitze-lanak egin behar izango zirela. Orduan, tribunaren azpiko espazioa bi zati simetrikotan banatu zen. Zati horietako batean gauzatu ziren instalazioak eta oraingo handitzea gertatu arte futbol-zelaiak zituen aldagela biak", azaldu dutenez. Beste erdian, udatik hona burutu diren lanen emaitza gisa, Udalak lau aldagela gehiago eraiki ditu, jada 2011/2012 denboraldi honetan erabiltzen hasi direnak.
Saturatuta eta ahal baino gutxiago erabilita
Lan hauekin, Udalak "zerbitzurik onena" eskaini nahi die Urduliz Futbol Taldeak gaur egun dituen 100 gaztetxo baino gehiagori, zeintzuk adinen arabera baitaude mailakatuta taldeetan (aurre-benjaminak, benjaminak, kimuak, haurrak eta kadeteak). Horiei klubeko erreferentziako taldeko futbolariak gehitu behar zaizkie. Talde hori Bizkaiko kategoria Erregional Gorenean lehiatzen da, eta, jakina, beraiek ere erabiltzen dituzte instalazioak. Hainbeste mugimenduren ondorioz, orain arteko ekipamendua ez zen nahikoa, aldageletan saturazioa egoten zen eta. Gainera, futbol-zelaia posible litekeena baino gutxiago erabiltzen zen. Bi aldagela baino ez zeudenez, klubak denbora-tarte handia utzi behar izaten zuen partiden artean, lehenago jokatzen zutenek astia izan zezaten garbitzeko eta arropaz aldatzeko; baita ostean jokatu behar zutenek ere astia izan zezaten kirol-arropak janzteko.
Orain, sei aldagelekin, partiduak prestatzeko prozesuak askoz ere azkarragoak izango dira, eta denbora optimizatu ahal izango da, erosotasun handiagoa lortuz, tokiko arduradunen ustez. "Puntu hori aste barruan igartzen hasi da batez ere, entrenamenduetan. Izan ere, talde askok batera entrenatzen dute, eta, dagoeneko, lan hauei esker aldagelak ez dira jendez gainezka egoten", aipatu dutenez.