Berangoko Bildu: "Berangoztarren borondatea errespetatu! Herriari iruzurrik ez!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko aza. 16a, 14:46
Hilabete igaro da Berangoko Udaleko osoko bilkurak auzotarren helegiteak jaso ondoren, Lantzarteko landa saltzea ahalbidetzen duen hirigintza akordioaren aurka azaldu zenetik. Bilkurak proiektuaren aurkako jarrera hartu du, Lantzarteko herritarren zein Berangoko gainontzeko biztanleriaren gehiengoaren iritzia islatuz. Proiektua gelditzea herriaren garaipena izan da, mobilizazioei, auzotarrek bildutako mila sinadurei eta helegiteei esker eskuratua. Berangoko EAJk, Anabel Landa alkatea buru duelarik, ez du onartzen udaletxeko gehiengoa galdua duela jadanik. Izan ere, Lantzarten etxebizitza tasatuak eraikitzearen aldeko propaganda banatu du udalaren izenean, nahiz eta udaleko osoko bilkuran aho batez proiektua errefuxatu zen. EAJk bere propaganda Udalaren izenean banatu du, berangoztar guztiona den dirua xahutuz, mila euro hain zuzen. Argazkian, Lantzarteko auzokideen protesta maiatzaren 12ko udal batzarrean.
Bestalde, udaletxean Lantzarteko etxebizitza tasatuak eskuratu nahi dituzten gazteak apuntatu ahal izateko zerrenda ireki dute. Propagandarako neurria besterik ez da hori, etxebizitza horien eraikuntza justifikatzea helburu duena. Herriko gazteriak zerrenda batean izena ematea nahi dute, euren diru sarrerak edo behar duten etxebizitza mota zein den kontuan hartu gabe (Babes Ofizialeko Etxebizitza, alokairu soziala…).

Argia da alkatearen manipulazioa. Gazteen espektatibekin eta itxaropenarekin egiten du jolas. Gogorarazi nahi dugu etxebizitza tasatuak ez direla babes ofizialekoak, diru sarrera altuegiak izateagatik BOE bat eskuratu ezin duten pertsonei daude zuzenduak. Hori al da Berangoko gazteen errealitatea? Zergatik ez da gazteen beharren inguruko azterketa egiten protagonistei zein motatako etxebizitza bera duten galdetuz? Zergatik ez da alokairu soziala bultzatzen? Etxebizitza tasatuak ez dira gazteentzat, edozein adineko pertsonentzat dira, ordaindu ahal dituztenentzat. EAJk zabaldu duen informazio nahasia argitu behar du, eta informazio horrek eragindako gastuei aurre egin.

Berangoko Bildun herri kontsulta defendatzen jarraituko dugu, Lantzarteko eremuan zer egin herritarrek erabaki dezaten zuzenean. Ez dago erreferendumaren aurkako argumenturik, berangoztarren hitza entzunaraztearen aurkako argumenturik.

Zergatik da EAJ berangoztarren iritziaren beldur?

Nahiz eta osoko bilkurak proiektua gelditzea erabaki duen, EAJ eta PSE Lantzarteko landa saltzearekin tematuak daude, horretarako herritarren borondatearen gainetik pasa behar badute ere. Zergatik tema hori? Salmentari esker lau milioi euroko diru sarrera lortuko luke udalak, azken urteetan metatu duen hiru milioiko zorra kitatzea ahalbidetuz. Beraien kudeaketa ekonomiko kaxkarraren ondorioz sortutako egoera konpondu nahian, ez zaie axola herritarren borondatea ez errespetatzea, eta horregatik ez dute herri galdeketa antolatu nahi. Gainera, udala dirutza gastatuz eta zorra handituz ibili den bitartean, herritarrek ez dute xahuketa justifika dezaketen hobekuntza nabarmenik nabaritu Berangon. Nora bideratu dituzte urte luze hauetako salmentei esker lortutako diru sarrerak?

Lantzarteko landa eremua saltzen ez badute, zorra ez kitatzeaz gain, EAJ eta PSEren beste proiektu handia gelditu egingo litzateke: lurpeko igerilekua duen metro proiektua, hain zuzen. Kiroldegi duin baten eskaera aseko ez lukeen beste proiektu faraoniko bat. Gainera, obra lanak burutu ahal izateko, Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorreko 2.321 etxebizitzak eraiki beharko lirateke, eta eraikuntza masibotik lortutako gainbalioaz baliatu. Argi dago, plana ez datorrela bat merkatuaren egungo egoerarekin, eta ez daukala ez hanka ez buru, krisi egoera honetan. Proiektu bideraezina da, herritarren parte hartze gabe diseinatua, eta udalaren zorra handitu besterik egingo ez lukeena. Kudeaketa ekonomiko mota honen ondorioak pairatzen ditugu jadanik, gizarte larrialdietarako etxebizitzak edo auzotarrek eskatutako beste azpiegitura batzuk ez baitira inoiz garatu Berangon.

20.000.000 euroko aurrekontua duen metroko proiektua gauzatzea ezinezkoa bada ere, udalak 890.000 euro bideratu ditu proiektuaren zati bat egingo duen arkitektura estudiora. Zenbateko ordain sariak ordaindu dituzte jada, bideraezina den proiektu horretan? Ez al dute halako politikek eragin udalak hiru milioi euro baino gehiagoko zorra metatzea? Hainbat jarrerak argi utzi digute EAJk ezkutatu egin nahi dituela urte luze hauetan, gehiengo absolutuan egon denean, bultzatutako politikak: egungo udal taldearen urduritasunak, gai hauek euren esku diren komunikabideetan zabaltzeko egiten duten ahalegina, Bilduko taldeari informazioa eskuratzeko jarritako trabak…

Berangoko Bildun udal kutxan gardentasuna eta herritarren parte hartzea bultzatzeko konpromisoa berresten dugu.

Berangoko Bildu
bildu.info/berango
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun