Uriarte 2007ko martxoaren 1ean Zubiletan etxea erosi izanaz damutzera eraman dute Gobelako uholdeek, senarraren lantokiaren itxierak eta BBKren jarrerak. Halere, kontzientea da "egoera dramatiko" hori jende askorena dela, Hego Euskal Herrian azken urteotan 7.000 familia baino gehiago kaleratu baitituzte. Gainera, "kaleratze espres" delako legearen eraginez egoera okerrera joango dela iragarri du.
Kanporatzeak ekiditeko hainbat neurri eskatzen ditu HKPk, hala nola, etxebizitza ematearekin batera hipoteka ixtea edota ezinbesteko kasuetan ordainketak atzeratu ahal izatea. Bestalde, etxerik gabe geldi daitezkeen adingabeko umeen eskubideak babestea aldarrikatu dute.
Gizarte alokairuak
Bitartean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 74.289 etxebizitza hutsik egoteko arrazoi bakarra topatzen dute: espekulazioa. Etxe multzo hori gizarte alokairuan jartzea eskatu dute. Ostegunera begira, esperantza izpi bat badute: Berangoko Kukullaga Goikoa baserrian bezala, herri elkartasunak eta instituzioen bitartekaritzak kaleratzea gelditzea.
Kaltetuak hainbat indar politikorekin batzartu dira. Bildu, Equo eta Ezker Batuak hartutako jarrerarekin pozik agertu da Uriarte. PSE-EE eta EAJren kasuan, hitz onak izan dituzte baina ez du kontua argi ikusten. PPk, ordea, ez ditu ezta hartu ere egin. Beste aldetik, CCOO eta Arartekoarekin ere bildu dira.
Plataforma
HKP elkartea 2009ko otsailean sortu zuten Bartzelonan beren hipotekak ordaintzeko arazoak zituzten, etxetik kanporatzear zeuden edo haiekin solidarioak ziren hainbat pertsonek. Handik hona, Estatu espainiarrean 40 talde baino gehiago sortu dira. Kaltetutakoentzako topagune bezala aritzen dira, bertan, hipoteka dutenek laguntza eta koordinazioa eskuratu eta ekintzak antolatzen dituztela. Zerbitzu guztiak doakoak dira.