Prekarietatean bizitzera kondenatzen gaituzten lau gauza tekniko jakin behar ditugu, ez gehiago. Nagusien autoritatea zer den ondotxo erakusten digute. Eurek sortutako krisi ekonomikoarekin murrizketak egiteko garaia omen da, kalitatea gutxietsiz.
Jakituria? Zer da hori? Kritikotasuna? Zer da hori? Elkarlana, auzolana? Zer da hori? Kultura? Zer da hori? Eztabaida? Zer da hori? Euskara? Zer da hori? Eta euskara inposatzen ari omen gara, erdaldunen hizkuntza eskubideak urratuz…
Guztiok jabetzen gara hemen hezkuntzak duen garrantziaz. Estatuak, merkatuak, Celaa eta Iribas. Herritarron esku dago etorkizuneko herri eredua eraikitzea eta zentzu horretan hezkuntzak jokatzen duen papera oso garrantzitsua da. Zergatik bestela merkatuek hainbesteko ahalegina Bologna prozesua inposatu eta euren beharretara egindako ikasleak sortzeko? Zergatik bestela hainbesteko ahalegina Frantziako eta Espainiako estatuek euren historia, geografia eta "lengua" / "la lengue" irakasten? Eta Iribasek TIL eredua aplikatzen? Eta Celaak "Educacion para la paz" inposatzen? Zergatik da garrantzitsuago matematika plastika baino?
Baina gazteok ere jabetzen gara horretaz. Ezagutzen ditugu tranpak. Sistema kapitalista patriarkalak diseinatutako gazte eredutik harago, bestelako eredua posible delako. Ikasleok hezkuntza sistema eraldatzeko subjektu aktiboa gara. Hezkuntza kritiko, parekide eta duina mahai gaineratu eta berau lortzeko subjektu aktiboa. Merkatuen interesetatik at, baloreetan eta etikan oinarritutako hezkuntza sistema eraikiko duena, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat eraikiko duena. Egungo gazteok baikara atzetik datozen belaunaldiekin batera, etorkizuneko Euskal Herria irudikatu eta eraikiko dugunak. Gure eskubideen jabe izanda, gazteria eta ikasleria berez baita errebeldea, inkonformista, irudimentsua. Azaroaren 17a, Ikasleon Nazioarteko Eguna. Borrokarako eguna, egunero bezala.
Etorkizuneko Euskal Herriaren alde… Hezkuntza Sistema Nazionala! Euskal Eskola Nazionala!