"Animalien aferak" liburuan bi egileek azken urte hauetan "Animaladas" eta "Uhandreak" haien bitakoretan sortu dituzten dibulgazio zientifikoko sarrera interesgarrienak jaso dituzte. "Animalien aferak" euskaraz argitaratu da, espainolez zeuden hainbat artikulu euskarara itzuli direla. Bestalde, Jesus "Jesse" Ruiz-ek ilustrazioak egin ditu.
Perez Iglesias leioaztarraren iritziz, "Unibertsitateko irakurleei ez ezik, askoz ere irakurlego zabalagoari zuzendutako liburua egiten saiatu gara. Arlo hauetan interesa daukaten guztiei zuzenduta dago: animalien bizitza, espezieen eboluzioa, eta, zehatzago, biziak, bere forma ezberdinetan, zer nolako estrategiak erabiltzen dituen biziraupen-arazoak konpontzeko. Eta hori estilo entretenigarriarekin egin nahi izan dugu, jakin-mina piztea eta jakin-min hori asetzea izan da gure asmoa. Horrez gain, bizitzari buruz gogoeta egiteko eta horrek dakarren abentura miresteko aukera eman nahi izan dugu".
Genesiaren I. kapituluari buruzko gogoeta batekin hasten da liburua, eta bere orrialdeetan izaki bizidunek izaten dituzten erronkak azaltzen ditu: nola egiten dieten aurre hotzari eta beroari; nola lortzen eta gordetzen duten ura; nolako estrategiak erabiltzen dituzten oxigenoa lortzeko; nola elikatzen diren; zeintzuk diren euren defentsa- eta eraso-taktikak; zein sistema erabiltzen duten igeri, lasterka edo hegaz egiteko.
"Arazo horietako bakoitzak", azaldu du Perez Iglesias-ek, "konponbide fisiologikoak eskatzen ditu, eta animalia-espezie ezberdinek bide ezberdinak jarraitu dituzte horretarako. Biziaren abentura handi hori ulertzea oso interesgarria da, eta gizakiari buruz ere asko esaten digu. Horrez gain, Lurraren, Lurreko biziaren eta gizateriaren beraren etorkizunari buruz hausnartzeko aukera ematen digu". Liburuak Kirmen Uriberen hitzaurrea eta Iñaki Goirizelaia errektorearen epilogoa dauzka.