“Datu soziolinguistikoen arabera, gero eta getxoztar gehiagok ezagutzen dute euskara eta horregatik badirudi etorkizuneko erronka euskaldunek egingo duten euskararen erabilera sustatzea izango dela. Hori dela eta, jardunaldiek hitz egitera gonbidatzen duten jarduera ugari aurreikusten dituzte, esate baterako, Sendijaia, familian euskaraz mintzatzera animatzeko edo Berbodromoa, ikasten ari diren eta dakiten 400 bat lagun hitz egiteko batu nahi duten ekimena”, gehitu zuen tokiko agintariak.
Oraingoan hilabete luze bat iraungo dute jardunaldiek eta datorren larunbatean hasiko dira, ohiko bi hitzordurekin: Merkatuan Kantetan eta Nazioarteko Trikitixa Jaialdiarekin, oraingoan, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko taldeen partaidetzarekin, tartean Kepa Junkera dela. Berritasunen artean, gazteek “Buah txabal” antzezlana ikusi ahal izango dute; “40 urteotako euskal musika getxoztarra” berbaldia eta musika emanaldia izango da; Etxe eta Lorelei taldeen kontzertua (Udagoieneko Ostera zikloan kokatuta); "Bertsolari" pelikularen proiekzioa; edo motibazioa lantzeko Valentziatik helduko den TELP ikastaroa. Azaroaren 30ean “Argia Ereiten” Euskara Saria emango da eta “hori oso une garrantzitsua da guretzat euskararen alde lan egiteagatik pertsona bati edo elkarte bati esker ona ematea baita” adierazi zuen Landak. Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta hori dela eta, bezperan, hilaren 2an, ludotekak bere jarduerak kalera aterako ditu.
Kepa Mallea gogoan
Bestalde, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak astelehenean Santutxun hildako Kepa Mallea euskaltzalea gogoratu zuen, bere euskararekiko konpromisoagatik. Ondoren, Getxon antolatutako jardueren aniztasuna eta kalitatea azpimarratu zituen. Gaineratu zuenez, “horiek euskara astialdian ere erabiltzera laguntzen dute, Diputazioak euskararen erabilera zabaltzeko duen lan ildoetako bat”. Azkenik, Lander Solozabal Sendi proiektuko arduradunak jardunaldiekin kolaboratzen duten elkarte guztien izenean nabarmendu zuenez, “aipatutako elkarte eta ekimenez gain, Getxon pertsona askok lan egiten dute euskararen alde. Horientzat eta elkarteentzat beraientzat egunero ere da abenduaren 3a, hau da, lan egiten dute egunero Euskararen Eguna izateko”.
Getxoko Udalak elebitan plazaratutako informazio liburuxka