Unibertsitatetik harago, egungo ospitaleetan etengabea da paziente euskaldunen hizkuntza-eskubideen urraketa. Honen aurrean ezer aldatu nahi balitz, bide txarretik goaz unibertsitateak euskaraz formatu nahi duen medikuari horretarako aukerarik ere ematen ez dion bitartean.
Egoera kezkagarria dela jakinik, ia astero asanbladan biltzen gara gai honi buruz eztabaidatu eta ekimenak aurrera eramateko. Orain arte hala funtzionatu izan dugu eta bide beretik jarraitzeko asmoz gabiltza, nahiz eta beste bide bat ere jorratuko dugun aurten. Izan ere, fakultateko Ikasle Kontseiluko hauteskundeetara aurkeztuko gara, geure helburua beti burutan izanik, ikasleen gainerako eskubideak ere defendatzeko. Alabaina, ez ditugu hauteskundeok ordezkariak aukeratzeko moduan ulertzen, lana behetik egiten jarraituko dugulako aurrerantzean ere. Goiko egiturak unibertsitate mailan hartu behar dituzten erabakiak ezagutu eta gure borroka-ildoak hobeto erabakitzeko tresna gisa erabiliko ditugu, eta gure aldarriak entzungor diren belarri horietara eramango.
Oso argi daukagu medikuntza euskaraz ikasi eta medikuntzan euskaraz jardun nahi dugula, hori lortu arte ez dugu etsiko.