“Beste urte batez jarduera batzuk antolatu ditugu, emakumeek jasaten duten indarkeriari buruzko ikuspuntu globala izateko, tratu txar fisikoak eta hilketak baino haragoko elementuak barne hartzeko, gizartearen esparru guztietan mantentzen diren desberdintasunen adierazpen basatitzat jotzeko”, nabarmendu du gaurko prentsaurrekoan Eigurenek. Xedea ez da gazteriak egungo eredu kaltegarriak antzematea bakarrik, “baita maitasuna eta sexualitatea modu askeagoan eta berdintsuagoan bizitzen ikastea ere, eta horretarako beharrezkoa da erreferente positiboak edukitzea”, gaineratu du zinegotziak.
Egitaraua
Azaroaren 24ean, ostegunean, hitzaldi bat izango da Margarita Uria Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidearen eskutik. Villamonteko kultur aretoan, 19:00etatik aurrera Genero Indarkeriaren aurkako Lege Integralaren zazpi urteen balantzea egingo du berak. Ordu eta toki berean, baina hilaren 28an, Fatma Galia saharar poeta eta kazetariak olerkien errezitaldia eskainiko du eta, amaitutakoan, Maitena Monroy autodefentsa feministaren trebatzaileak “Biolentzia sinbolikoa eta emakumeen kontrola” lelopeko solasaldia. Solasaldi egunetan doako haurtzaindegi zerbitzua egongo da: pertsona interesatuek 24 orduko aurrerapenarekin 944 660 136 telefono zenbakira deitu beharko dute.
Azaroaren 28tik abenduaren 12ra bitartean, Mugarik Gabe GKEren “Matxisten kontrako erakusketa globalak” erakusketa ikusgai izango da Villamonteko kultur aretoan. Hego Amerikako, Espainiako eta Euskal Herriko talde feminista batzuek aurrera eramandako sentsibilizazio eta salaketa kanpainetako txartelak eta leloak ikusi ahal izango dira bertan. Horien bitartez, indarkeria marxista mota desberdinen erak eta guneak agerian utzi nahi dituzte. Gainera, udaletxean bertan, Algortako San Nikolas liburutegian eta musika Eeskolan “Emakumeen aurkako indarkeriari ez” esaldia eta puntu lila edukiko dituzten pankartak jarriko dira. Herritarren artean beste 30.000 puntu lila ("Getxoberri"-ren bitartez) banatuko dira eta 1.000 binilo komertzioen artean. Horiek leihoetan eta komertzioetan ipintzera animatzeko eskatu diete herritarrei.
Beldur Barik
Larunbatean, azaroak 26, 2011ko Beldur Barik topaketak izango dira Donostian, erakusketa, antzerki eta lehiaketako sarien banaketarekin, eta joan nahi duten pertsonentzat autobusak izango dira. Informazio gehiago www.beldurbarik.org web gunean eskura daiteke. Oraingoan 272 lan aurkeztu dira lehiaketara, eta "horrek erakusten du partaidetza urtez urte areagotzen ari dela eta ekimena egonkortzen ari dela", tokiko arduradunen arabera.
Bestalde, egitarauaren barne ez egon arren, Jabekuntza Eskolaren barruko “Topaketa kontatzen” zikloaren 30. saioa jende guztiari egongo da zabalik. 19:00etatik aurrera Alicia Canaviri Bolibiazentroko kideak emakumezkoenganako indarkeriaz mintzatuko da. Azkenik, "Emeki" aldizkariaren egungo aleak indarkeria sinbolikoari buruz dihardu eta “Eraldatzen” emakumeenganako indarkeria prebenitzeko programaren bosgarren edizioa martxan jarri da Getxo udalerriko sei ikastetxetan.