300 lagun baino gehiago bildu ziren atzo Areetako Andres Isasi musika eskolan, zentroaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusian. Besteak beste, Andres Isasiren senideak, musika eskolako irakasle, ikasle eta langileak zein Getxo udalerriko eta Bizkaiko hainbat gizarte eta politika mailako ordezkari bildu ziren. Bertan, senideek dohaintzan eman zuten Andres Isasi musikagilearen pianoa guztiz berriztatua aurkeztu zuten jendaurrean, hunkigarri suertatu zen ekimenean. Ondoren, Toru Kannari gitarra jotzaileak, Mario Lerena piano jotzaileak eta omenaldi xume bat jaso zuen Javier de Solaun tenoreak Andres Isasik egindako lan musikalaz osatutako egitaraua interpretatu zuten. Aurretik, Imanol Landa alkatea, Josu Loroño Komunikazio zinegotzi eta musika eskolako presidente zein Joxean Llorente zentroko zuzendariak berba batzuk egin zituzten eta musika eskolako iragana, oraina eta etorkizunari buruzko ikus-entzunezkoa proiektatu zen. Argazkian, bertaratutakoen familia argazkia / © Getxo.net.