Hamaika urte bete ditu gaur Udondo gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko aza. 19a, 00:13

Udondo gaztetxea, Uribe Kostako gazte zentro autogestionaturik beteranoena, bere hamaikagarren urteurreneko ospakizunetan murgilduta dago. Izan ere, gaurko datan, azaroak 18, hamaika urte beteko dira gazte andanak Espainiako Gizarte Segurantzak bahitutako Udondo auzoko lantegi ohi batean sartu eta bertan gaztetxea sortu zuenetik. Halere, zentro autogestionatuak data hau Vendetta eta Itziarren Semeak taldeekin torturaren aurkako jaialdia egiteko baliatu du eta, hortaz, bihar egingo du urteurreneko ospakizun ofiziala. Dena den, aurreko zein hurrengo egunotan ere, ez da ekimenik faltan. Hilaren 26an emango diote amaiera urteurren ekitaldi sortari. Argazkian, gaztetxea margotu aurreko irudia / cc-by-sa Ekinez Sortu.

Egitaraua:

Azaroak 18, ostirala

• 21:30ean, kontzertua: Vendetta eta Itziarren Semeak. Sarrera: 5 euro.

Azaroak 19, larunbata

• 15:00etan, herri bazkaria.
• 19:00etan, kalejira, "Perkudondo Brass Band" batukada eta magoa.
• 21:00etan, punk jaialdia: Vacio, Subrats eta Fobbos. Sarrera: 3 euro.

Azaroak 23, asteazkena

• 19:30ean, Kontzientzia Eragozpen Mugimendua eta Eguzki Bideoen "Insumisioa, 20 urte desobeditzen" DVDaren aurkezpena eta KEMeko kideen hitzaldia.

Azaroaren 24tik 26ra, Eskalada eta Mendiko Astea

Azaroak 24, osteguna

• 18:00etatik 23:00etara, eskalada eta bloke bideoen emanaldia.

Azaroak 25, ostirala

• 19:00etatik 22:00etara, ekologismo eta mendiari buruzko bideon emanaldia.

Azaroak 26, larunbata, III. Bloke Txapelketa

• 11:45ean, sailkapenerako hasiera.
• 14:30ean, bazkari beganoa.
• 17:00etan, txapelketako finalak.
• 21:00etan, kontzertua: Diswar, Jarraitu eta Continuo Renacer. Sarrera: 3euro.

Leioako gaztetxe eta gazte asanbladen ibilbidea:

Leioako Gazte Asanbladak lehenengo bilerak antolatzeari 1996ko udaberrian ekin zion. Bertan gehien azaldu zen arazoa gazteentzako lokalen gabezia izan zen. Horregatik, gazte asanbladaren lehenengo aldarrikapena hori izan zen. Udal Gobernuaren erantzun eza ikusita, okupazioaren "beharra" ikusi zuten gazte asanbladako kideek eta 1997ko apirilaren 5ean Mendibile jauregia okupatu zuten. Gazte asanblada eraikina garbitzen eta konpontzen hasi zen, izan ere jauregia "guztiz utzita" baitzeukan Udalak, bere plan bakarra "espekulatzea" zela. Aste bat beranduago desalojatu zituzten gazteak baina Mendibile berrokupatu zuten. Gaztetxeak gazte mordo bat erakarri zuen eta erreferentea bihurtzen hasi zen Leioako gazteriaren artean. Talde mordo bat ere biltzen eta sortzen hasi ziren gaztetxean: gazte asanblada bera, Leioako Insumiso Taldea, Lila Gorriak, Asamblea Libertaria de Leioa, Amalurra taldea, Antzerki taldea, Duina... Hamaika ekintza hasi ziren egiten gaztetxean: tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, eztabaidak, ikastaroak, kontzertuak... Kulturaren sorkuntza eta eskaintza izan zen zeregin nagusia 2000ko ekainera arte.

Iruzurrezko negoziazioak

2000ko ekainean, ertzainek desalojatu zuten Mendibile. Gazte Asanbladak salatu zuen Karmelo Sainz de la Mazak, orduan Leioako alkate berria, ustezko negoziazio batzuk eskainiz ertzainak bidali zituela udaletxean bilduta zeuden bitartean gaztetxean inor ez zegoela baliatuz. Ondoren, kriminalizazio kanpaina burutu zuten EAJ, PP eta PSE-EE alderdiek.

Garai horretan, gazte asanblada Langabetuen kolektiboaren lokalean hasi zen biltzen, baina alkateak azken hauei mehatxatu ostean, gazte asanbladak utzi zion bertan biltzeari Langabetuei Udalak lokala ez kentzeko. Kale gorrian egonda gazteek berriro ikusi zuten okupatzeko beharra eta 2000ko azaroaren 18an Udondo gaztetxea okupatu zuten. Eraikina lantegi izandakoa zen, Espainiako Gizarte Segurantzak bahitua.

Handik hona, hainbat jarduera egin dira Udondon: kontzertuak, tailerrak, ikastaroak, antzez-lanak, jaialdiak, mintegiak, batzarrak, zine proiekzioak, eta gizarte zein politika maila hainbat ekimen aurkeztu eta lagundu, baina ezagunena Estatu espainiar mailako hack-meeting-a 2001ean bertan egitea izan dela. Era berean, Leioako eta eskualdeko hainbat kolektibori utzi dizkiete bertako baliabideak.

Baina, gaztetxearen eta herriko gazteen arteko dinamika gehiago uztartzeko eta belaunaldi aldaketa errazteko, 2007ko otsailaren 9an birsortu zuten Leioako Gazte Asanblada, geroago Txakurzulo Gazte Asanblada izena hartuko zuena. Erakunde horrek, hilabete baten baitan, Leioako IV. Gazte Eguna antolatu eta martxan jarri zen Leioako gazteriaren diagnosia egiteko. Dena den, hortik aurrera ere, izan da gaztetxearen itxiera eskatu duenik, tartean "El Correo Español"-ek.

Urteurreneko ospakizunen kartela

rue del percebe copia
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun