Hauteskundeetako parte hartzea oso gutxi igo da Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko aza. 20a, 17:28

Gorteetarako hauteskunde eguna da gaur Espainiako Estatuan, tartean Hego Euskal Herriko 2.263.745 pertsona bozkatzera deituta daudela, haietatik 134.512 hautesle Uribe Kostan eta Erandion. Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herriko beste eskualdeetan bezala ez da arazo nabarmenik izan bertako 210 hauteskunde mahaiak zabaltzeko. Duela lau urteko Espainiako Gorteetako bozekin alderatuta, arratsaldeko ordubietako parte hartzea igo egin da Hego Euskal Herrian, Bizkaian duela 4 urte baino %3,57 gehiagok bozkatu duela. Halere, jarrera horri mantsoago eutsi diote gurean. 2008an, %39,20k eman zuen botoa 14:00etan. Oraingoan, ordea %0,4 gehiagok baino ez du egin, Bizkaiko bataz bestekoaren azpitik nabarmen. Argazkian, Imanol Landa Getxoko alkate jeltzalea goizean Areetan bozkatzen / cc-by-nc-sa Ilanda.eu.

Parte hartze handiena Getxo udalerrian eman da (%41,83), orain lau urte bezala. Halere, bertan %0,49 besterik ez da igo kopuru hori. Boto emaile berri gehien eskuratu duten udalak, Urduliz eta Sopela dira. Udal jeltzalean, %3,54 igo da boto kopurua, %40,03k dagoeneko mahaietara hurbildu dela. Bilduk gobernatzen duen herrian, %3,41 igo da sufragioa, %37,93raino. Boto emaile gutxien izan duen herria, ordea, bertako EAJren eszisioa jaso berri duen Barrika da. Bertan, %19,41k baino ez du bozkatu, 2008an baino %14,54 gutxiago.

Beste udalerritako datuak honakoak dira: Gorliz (%41,75, +%1,07), Plentzia (%39,73, -%0,08), Berango (%39,39, +%3,34), Leioa (%38,01, +%0,05), Lemoiz (%36,98, -%0,4) eta Erandio (%35,89, -%1,39).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun