Hausle guztiek ez dute botoa sartuko hautestontzietan betiko moduan. Hauteskunde hauetan EHUk boto elektronikoa erabiliko du estreinakoz lau ikastegitan: Letren Fakultatean, Psikologia Fakultatean, Medikuntza eta Odontologia Fakultatean eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, ikasleek eta irakasle eta ikertzaile iraunkorrek boto elektronikoko sistema erabiliko dute. Sistema hori aitzindaria da EHUn, baita Euskal Autonomia Erkidegoan ere. Graduondoko ikasleek ere elektronikoki bozkatuko dute. Sistema elektroniko hori oso erraz eta intuitiboa da; soilik eskatzen du aldez aurretik boto-emailea identifikaturik egoteak (bai sinestamenduaren bidez —errolda elektroniko osoari banatu zaizkio sinestamendu pertsonalizatuak—, DNI elektronikoaren bidez, edo, irakasle eta ikertzaileak izanez gero, txartel korporatiboaren bidez) eta Interneterako sarbidea daukan ordenagailu bat eskura izateak. Bozkatzeko epea hilaren 15ean ireki zen eta bihar 17:00etan bukatuko da.
Klaustro berria
Klaustro berriaren behin-behineko aldarrikapena hilaren 23an izango da eta behin betikoa hilaren 28an. Aipatu organoa abenduaren 15ean bilduko da eta irekitze-bilera horretan EHUren lehen Aldezlea aukeratuko du. Unibertsitarioen defendatzailearen erakunde horrek irakasleen, ikasleen eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren eskubideen eta askatasunekiko errespetuaren bermatzea du eginkizun, unibertsitateko organo eta zerbitzu ezberdinen ekintza eta jardunetan. Azaroaren 17an Gobernu Kontseiluaren azken bilerak erabaki zuen Itziar Etxebarria Bilbao Psikologia Fakultateko irakaslea Aldezle izateko Klaustroari proposatzea. Bestalde, datorren urteko lehen hiruhilabetekoan Klaustroak Gobernu Kontseilu berria aukeratu behar izango du.