Javier Mariscal diseinatzaile valentziarrak hitzaldia eskainiko du asteazkenean, azaroak 23, EHUko
Arte Ederretako Fakultateak gonbidatuta. Hitzordua 12:30ean jarri dute Leioako eta Erandioko campuseko areto nagusian. Solasaldian, artearen eta diseinuaren inguruan duen ikuspuntu berezia azalduko du Mariscalek, hots, Donostiako Kubo-Kutxa Aretoan egunotan ikusgai duen "Mariscal Bizi-Poza" erakusketan ikus daitekeen ikuspuntua. Valentzian 1950ean jaiotako artista batez ere irudien sortzailea da, mota guztietako euskarri eta diziplinetan lan egiten duena. Altzarien diseinua, interiorismoa, diseinu grafikoa, paisajismoa, pintura, eskultura, ilustrazioa, web diseinua eta multimedia eta animazioa dira bere jarduera profesionalaren ardatzak. Bere esanetan, "nire espezialitatea sortzaile izatea da, berritzailea, hizkuntza luzatu, kodeak, zeinuak eta mezu grafikoak garatzen saiatzea. Egunean jarri. Aditu, belakia izan, begiratu, gizarteak arnasten duena, sinesten duguna, emozionatzen gaituena eta aldatzen doazen ideiak irudietan islatu. Eta horretarako nire eskura izan ditudan edozein sistema, hizkuntza edo diziplina erabili ditut". Argazkian, Mariscalen erakusketa Donostian / ©
Estudio Mariscal.