Genero beltza ere jorratu du Santosek, "Pulp Heroes" sagan eta "Al menor postor" antologian. Halaber, "Protector" lanarekin super-heroien generoan egin zuen debuta. "Aventuras en el Mundo Jung" lanarekin haurrentzako komikiari heldu zion, eta "Faeric Gangs" eta "Lone in Heaven" komikietan intriga fantastikoarekin esperimentatu du. 2005ean Frantziako argitaletxe batentzat lan egiten hasi zen berak sortutako "Young Ronins" sailean; gidoigile, ilustratzaile eta kolorista jardun da horretan. Ondorengo urtean, Miles Hunter gidoigile iparramerikarraren laguntzarekin, "Zombee" eleberri grafikoa argitaratu zuen Amerikako Estatu Batuetako (AEB) argitaletxe batzentzat.
Espainian eta AEBetan
2009an AEBetako eta Europako zenbait argitaletxerentzat jardun zen. Lan horien artean aipatzekoa da DC Comics-entzat egin zuen "Filthy Rich" eleberri grafikoa, Brian Azzarello idazle ospetsuaren gidoiarekin. Urte berean "Blak Kaiser" egin zuen eta europar estiloko "La sangre de las Valkirias" komikiaren istorioa idatzi zuen, Pere Perez ilustratzaile aritu zela. Gaur egun, Mike Avon Oeming eta Bryan Glass sortutako "The Mice Templar" komiki seriean marrazkigile titularra da eta, horrez gain, Espainiako eta AEBetako argitaletxeentzako lan egiten dabil gidoiak prestatzen eta proiektu berriak sortzen. Azken horien artean aipatzekoa da "Witch & Wizard" liburu ospetsuaren komiki-moldaketa, IDW publishing-entzat.
Bere jardueran zehar, Victor Santosek zenbait sari eskuratu ditu Bartzelonako Komiki Azokan. 2005ean "Dolmen" aldizkariak ematen duen Kritikarien Saria jaso zuen eta 2006an bi sari lortu zituen Madrilgo Komiki Azokan. 2008an beste sari bat lortu zuen Madrilen, "Los Reyes Elfos: Historias de Faerie" antologiaren bigarren zatiari esker.