Egitarauarekin jarraituz, ostiralerako, hilak 25, Berbodromoa izeneko ekimena prestatu du Egizu Getxo Euskaldun elkarteak, eskaldunok elkar ezagutzeko eta euskaraz berba egiteko guneak sortu eta sustatzeko asmoz. Goizez saio bi eta arrastian saio bat egingo dute: 9:00etan, 10:30ean eta 19:00etan, hurrenez hurren. Hirurak Algortako Biotz Alai plazan, karpa pean. Bertan, ordubetez, “word cafe” metodologiaren bidez (laukoteetan ipinita) ondoko hiru gaien inguruan berba egingo dute: Getxoko lekurik / gauzarik ederrena eta zatarrena; azaroaren 25a emakumearen kontrako bortizkeria salatzeko eguna; euskara Getxon, orain eta bihar.
"Euskaltegian hasi berria bazara eta maila nahikorik ez baduzu berbodromoan parte hartzeko, ez kezkatu! Zuretzat ere lekua dago: olgetodromoa, euskaraz jolasteko gunea. Olgetodromoan taldekako jolasak egingo ditugu eta ederto pasako duzu euskaraz", azaldu dute Egizukoek. Azken hitzordua 20:30ean jarri dute Biotz Alain bertan, sagardotegiko merienda egin eta “Kupela” taldearen erromeriaz gozatzeko, guztia doan.
Sendijaia
Azkenik, Sendi proiektuak 5 urte egin dituela ospatuko du larunbatean, hilak 26, goizeko 11etatik aurrera Algortako Biotz Alai plazan. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute:
11:00-12:00 Hamaiketakoa, hanka-paluen eta makillaje-tailerra guztiontzat.
12:00-13:15 Txan magoa “Txantxetan".
13:15-14:30 Euskal dantzen ikastaroa, kirol-jolasen tailerra, sokatira-txapelketa.
14:30 Herri-bazkari musikatua, paella erraldoia, 8 euro helduek eta 5 euro umeek.
17:30 Jinkana familientzat.
18:45-20:00 Haur berbena eta dantzaldia Kanpanoluerekin: “11 salto gehiago” ikuskizun berria.
Egun osoan: puzgarriak, sormen-txokoa (eskulanak, margoak, plastilina, koloretako orriak, pegatinak, mural handia…), liburuen txokoa, informazio-gunea, musika…
Bapigabonak
Bitartean, Bapiruke egitasmoaren barruan Gabonetako koloniak antolatuko ditu Bizarra Lepoanek, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era, Algortako Zabala eta Itzubaltzetako Romo eskola publikoetan. Bihar, azaroaren 23ra arte izango da bazkideentzako izen-emate epea (gaur 17:00etatik 18:30era; eta bihar 10:00etatik 13:30etara) Salneurria 45 eurokoa izango da. Izen-emate orria hemendik deskarga daiteke (bi orri dira eta aitak, amak edo tutore legalak soilik sinatu ditzakete).