Ion Etxegarai Begoña sopeloztarraren kontrako bi urte eta erdiko espetxe zigor eskaerari eutsi dio
gaurko epaiketan Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak,
Efe albiste agentziak zabaldu duenez. Mutilak, ordea, 2002ko martxoaren 15ean Algortako Iturgitxi kaleko La Caixaren kutxazain batean lehergailu bat jartzen ibili izana ukatu egin du. Fiskalaren galderei erantzunez, gau horretan Sopelako bere etxean zegoela aipatu du. Etxegarairen arrasto genetikoak omen zituen txanoari dagokionez, "antzina ukitu izana" balitekeela erantzun du gazteak. Beti ere aipatu iturrien arabera. Hala eta guztiz ere, arrasto genetiko horiek "zalantza izpirik uzten ez" dutela adierazi du akusazioko letraduak. Bitartean, abokatuak absoluzioa eskatu du, "froga nahikorik ez dagoelako". Argazkian, Etxegarai atxilotu zuten egunean auzokideek egindako protesta.