Leioako Udondo gaztetxearen 11. urteurreneko ekitaldiekin bat eginez, asteazken honetan, hilak 23, “Intsumisioa. 20 urte desobeditzen” izenburuko dokumentala aurkeztuko dute aipatu zentro sozial autogestionatuan. KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak egindako ikus-entzunezko lanak "Estatu espainiarreko azken garaietako antimilitarismoaren eta kontzientzia-eragozpenaren historia erakusten du", sortzaileek beraiek azaldu dutenez. "Francoren diktaduraren azken urteetatik gaur arteko epea azaltzen da. Intsumisioaren kanpaina du ardatz; izan ere, milaka gaztek egin zioten uko ejertzitoari gizarte desmilitarizatu bat eraikitzeko helburuarekin, baita kartzela-zigorrak beren gain hartuz ere", zehaztu dutenez. KEM kolektibo antimilitaristak antolatuta, 19:30etik aurrera izango da biharko saioa Udondo gaztetxean. Argazkian, gaur egun armaden zein armagintzaren kontrako borrokan jarraitzen du KEMek.