Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, ostiral honetarako, azaroak 25, elkarretaratzea deitu du Leioako Bilgune Feministak. Hitzordua 19:00etan jarri dute Bulebarrean. Eragile leioztarrak kritikatu duenez, "horrelako egunak adierazpenak eta hitz politak esateko erabiltzen dituzte instituzio gehienek. Hala ere, emakumeak subjektu pasiboak bagina tratatzen gaituzte instituzioetatik, gure burua defendatzeko gaitasunik ez bagenu bezala, zer nahi dugun jakingo ez bagenu bezala". Hori dela eta, "neurri zehatzak eta eraginkorrak" abiatzeko deia luzatu diete erakunde publikoei. Emakumeei, berriz, eskuak gurutzaturik ez geratzeko eskatu diete: "Egoeraz kontziente izan gaitezen emakumeok eta guztion arazo egin dezagun bizi duguna! Denon artean aurre egin diezaiogun indarkeria sexistari!".