Larunbat honetan, azaroak 26, mural politikoen bigarren topaketa egingo dute Larrabasterran, Plaza Beltza herri kultur-guneak eta
Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS) antolatuta. Ekimen horren bidez, "herri mugimenduen aldarrikapen eta borrokak ikusgarri egin" nahi dituzte, eta bide batez, "gure bizitzetan hain ohikoak egin diren horma gris ilun horiek kolorez zipriztintzea". Aurreko urtean bezala, elkarte eta kolektiboek izango dute muralak egiteko aukera, bakoitzak bere gaia jorratuz. "Brotxarekin egindako betiko muralak, graffitia, txantiloiak, collage-a...edozer gauzak balio du kalea gure mezuekin apaintzeko", antolatzaileek zehaztu dutenez. Horrenbestez, 16:00etan hasiko dira horma-irudiak pintatzen. Horren ostean, poteoa (19:00) egingo dute herritik eta afaria (21:30) Sekeko gaztetxean, bertako elikagai agroekologikoekin. Argazkian, iazko lehiaketan egindako horma-irudietako bat, egun batzuetara udal langileek Ertzaintzak lagunduta "
zentsuratuko" zutena. EAJko Imanol Garai zen orduko alkatea / ©
Sopela.net.