Enpresa batzordeak salatu du Zuzendaritzak, "bere interes partikularren kontra doan edozein arau edo akordio sistematikoki urratzeaz gain, auzia eta liskarra bilatzen dituela" langileen ordezkariekin egiten duen bileretan. "Adibidez, Eusko Jaurlaritzak xedatzen dituen gutxieneko zerbitzuak diseinatzen dituenean, langileen %50 inguru deitzen ditu gutxieneko zerbitzuak egiteko, %30 baino bermatu behar ez baditu ere. Horrez gain, Zuzendaritzaren iritziz, pertsona batek gutxieneko zerbitzuak eta lanuzteak egin ditzake aldi berean, eta gutxienekoak baino tren gehiago ateratzeko proposatzen die gidariei, bestela lanuztea egin dutela ulertuko duelako", azaldu dute ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuek.
Kritikatu dutenez, "Zuzendaritzak saldu nahi du gutxiengoa dela protestan dabilena eta, aldi berean, hondatu nahi du enpresa batzordearen borondate sendoa, lan-hitzarmena eta sinatutako akordioak bete ditzan". Langileen ordezkarien ustez, "guztiz alderantzizkoa" lortzen ari dira garraio enpresako arduradunek: "lanuzteen eta mobilizazioen jarraipen handia". Horren adibidetzat jarri dute duela sei hilabete, akordio bat sinatzeko 9 lanuzte-egun behar izan zituztela. Hain zuzen ere, uztailaren 11n hitzartutakoa "betetzeko asmorik ez" izatea leporatzen diete Metro Bilbaoko zuzendariei; "lantaldeak gehitzeari buruzko akordioak, mantentze-arloa berregituratzea, gidatze-txandak, eta abar".