Algortako familia bat kaleratzeko asmoz, gaur burutu behar zuten Neguriko epaitegian bere etxeko enkantea. 2008ko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko eskatutako 200.000 euro baino gehiagoko maileguaren kuotak ordaintzeari utzi behar izan zion Marta Uriarte Zubiletako bizilagunak, bera langabezian geratu zelako eta senarraren enpresak porrot egin zuelako. 2011ko apirilean hipoteka kobratzeko pausuak abiarazi zituen BBK-k. Gaurkoan, ordea, "forma akatsa" izan dela ondorioztatuta enkantea bertan behera utzi du epaileak. Hipotekek Kaltetutakoen EAEko Plataformaren (HKP) ordezkaria ere denaren abokatuak, Miren Mentxakak, azaldu duenez, joan den astean aurkeztu zuten idatzia, "etxebizitzaren metro koadro kopuruan errakuntza" zegoela argudiatuz. Halaber, bere bezeroaren "babesgabetasuna" izan zuen aipagai, "aurreko letraduak Marta defendatu nahi izan ez zuelako". Orain, hilabeteko epea izango dute BBKrekin irtenbideren bat negoziatzeko. Argazkian, Marta Uriarte kaltetua eta Miren Mentxaka abokatua, biak ala biak Hipotekek Kaltetutakoen EAEko Plataformako kideak.