Egin Dezagun Bidea ekimenarekin bat eginez, 280 gizon-emakume inguru elkartu dira gaur iluntzean Algortan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Herriko musikariek egin dute oraingo honetan hileko azken ostiraleko kontzentraziorako deialdia: Oihartzunak (Oihukatuak kolektiboa) eta Gibelurdiñek taldeek kantez bete dute Telletxe plaza, zuzeneko emanaldia eskainiz. Hain zuzen ere, horiek San Nikolas ikastolako langileen eskutik jaso dute "elkartasunaren kinkea". Urriko azken ostiralean beraien lankide preso Imanol Beristainen egoera salatu zuten irakasle, aita-ama eta ikasleek. "Bere jarduera politikoarengatik atxilotua eta, epaiketarik gabe, espetxean jarraitzen du mutilak", gaurko kontzentrazioan
Algortako Herri Bilguneak salatu duenez. Halaber, Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano eta Iñigo Gutierrez gatibu algortarrei ezarritako
sententziak zein
Iker Beristaini egindako epaiketaren berri eman dute. "Konponbide garai berri honetan, horiek guztiek lekuz kanpo daude", salatu dutenez. Bestalde,
Txus Martin preso basauritarraren egoera "gero eta larriagoa" dela ohartarazi dute. Hartara, bihar, Basauriko Arizgoiti plazan 17:30ean izango den ekitaldira bertaratzera deitu dituzte algortar guztiak. Argazkian, Gibelurdiñek gaurko elkarretaratzean / cc-pd Algortan Egin Dezagun.