Eunate Agirre kirolari sopeloztarrak bodyboard munduko txapelketa irabazi du gaur Azoreetan.
Bat Basque Team taldeak zabaldu duenez, IBA Tour zirkuituko azken proba irabazi du Portugalgo uharteetan. Ohi bezala, Isabella Sousas aurreko munduko txapelduna izan du arerio nagusia Agirrek. Azoreetan olatu gutxi izan dira eta sailkapenetako azken segundoetaraino Eunatek ez du lortu olatu ona, 6,50 puntu eta finalerako pasea eman diona. Finalean bertan, Isabella Sousa brasildarraren gainetik lotu da sopeloztarra. Aurretik, Masyla Venturin brasildarra ere atzetik utzi du, final erdietan. Agirre "pozik" agertu da "lan urte askoren emaitza" jasotzeagatik. "Azken olatuak finalerako sailkapena eta munduko titulua emango zidalakoan fedea izan dut", adierazi du. Agirre txapeldunordea izan zen 2009an eta iaz. Argazkian, Agirre podioan, iaz, Venezuelako garaipena ospatzen / © Eunateagirre.com.