Inaugurazio ekitaldian, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, eraikin berriak "Euskal Herriko Unibertsitatearen osotasunaren barnean duen garrantzia" azpimarratu du: “Irakasleen Eskola atal erabakigarria da gure egitura akademikoan”, adierazi duenez. Eta erakundeei, batez ere Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskerrak eman dizkie, "azpiegitura berri honen proiektuan izan duten parte hartze garrantzitsuagatik". Gurutze Ezkurdia Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako zuzendariak bere aldetik, "azpiegitura berri honekin Bizkaiko hezkuntza arloko ikasketak behar zuten tokian" kokatuko direla aipatu du: "hau da, puntako irakaskuntza puntako instalazio batzuetan ematea ahalbidetuko duen XXI. mendeko eraikin batean", gaineratu duenez.
Aldundiarekin lankidetzan
Azkenik, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak berretsi egin du Bizkaiko Foru Aldundiak EHU-rekin duen konpromisoa. Horren adierazgarri, aurreratu du datorren urtean foru erakundeak 28 milioi euro baino gehiago bideratuko dituela EHUrekin lotutako proiektuetara. Horien artean, ahaldun nagusiak Industria Ingeniaritza Teknikoko Eskola eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Eskolaren sorrera aipatu ditu. Horietara, 13,5 milioi euro bideratuko dira datorren urtean. Partida ekonomiko hori eraikinaren finantzazioa osatzeko erabiliko da. Horixe adostu zen EHUrekin egindako akordioan, Leioa eta Erandioko campusean Irakasleen Unibertsitate Eskola eraikitzearekin batera. Halaber, foru ekarpenarekin honako hauek ere finantzatuko dira, besteak beste: hainbat master, Plentziako Itsas-Estazioa edo campusaren sarrerako errepideko lanak. Bilbaoren hitzetan, "Bizkaiko Foru Aldundia ahalegin handia egiten ari da, are handiagoa krisi garai honetan, EHUrekin lankidetzan aritzeko. Izan ere, ziur gaude unibertsitate hobeak etorkizun hobea dakarrela. Eta horixe da Bizkaiko Foru Aldundiak eraiki nahi duena: etorkizun hobea eta oparoagoa bizkaitar guztientzat".