Azokak urtero eskaintzen duen omenaldian bi protagonista egon dira aurten. Batetik, Josep Maria Berenguer komiki alternatiboaren erreferentzia den "La Cupula" argitaletxearen bultzatzailea. Bestetik, Astiberri Ediciones argitaletxe bilbotarra, hamar urteko jardueran ospe handia lortu duena arretaz hautatutako hainbat egileren kalitate handiko lanak zabaltzen eta komikia publiko berrietara gerturatzen. Erakusketak ere ez ziren falta aurtengo edizioan. Horien artean, "Jazz Bulles Blues" nabarmendu behar da. Belgikako autore ospetsuen lanean binetaren, jazzaren eta blues-aren artean dagoen harremana erakutsi da horretan. La Cupula eta Astiberri argitaletxeei eskainitako erakusketak egon dira azokan, baita Portugaleteko Komiki Lehiaketaren 25. edizioko lan onenak biltzen zituena ere.
Erakusketak eta aurkezpenak
Bestalde, karparen kanpoaldean, “El Balanzin” erakusketa kokatu zen, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak argitaratutako aldizkaria. Gainera, azken urteetan ohikoa den moduan, udal erakusketa-aretoetan eta Getxo udalerriko hainbat lokaletan, komikiarekin lotutako hainbat erakusketa izan dira, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionaleko artisten eskutik. Azkenik, Victor Santos komikigile valentziarraren "Dioses y monstruos" erakusketa izan da Bizkaiko Zubian. Argitaletxeen eta egileen nobedadeen aurkezpenak ez dira falta izan Azokan. Eta ezin ahaztu hitzaldi eta mahai-inguruez eta proiekzioez. Azkenik, manga gustuko dutenentzako tokia ere egon zen aurtengo programazioan, azokaren azken egunean genero horren zale asko lehiaketetan eta karaoke saioetan gozatzeko aukera izan zuten eta.