Ostegun honetan, abenduak 1, Boluntariotza Erakundeen Getxoko XVIII. Topaketa izango da. Oraingoan elkartasunerako bide berriak aztertuko dituzte, 17:45etik 20:30era Itzubaltzeta / Romoko Gobelaurre Boluntariotza Zentroan izango den ekitaldian, udal iturriek zabaldu dutenez. FEGEVOLek, Getxoko
Boluntariotza Erakundeen Federazioak, Udalarekin elkarlanean antolatutako ekimenaren helburua da "boluntarioak gizartearekiko egiten duen lan eskergaren berri getxoztarrei ematea, eta hainbestez, elkarteren bateko kide izateko eskatzea ere", azpimarratu dutenez. Oraingoan boluntariotza elkarteek beren taldeetan krisi egoera posiblea eragiten ari diren ustezko arrazoiak aztertuko dituzte, tartean gizartean elkartasunaren alorreko baloreen galera eta beharrizan berrien eskariak ez duela taldeetan erantzunik aurkitzen, elkarteen beraien konpromisorik ezagatik edo baliabiderik ezagatik. Argazkian, iaz Susan Josendek, Margarita Tarazagak eta Berdintasuna elkarteak jaso zituzten Getxoko boluntarioen sariak / © Getxoko Udala.