Amaitu da jada Leioako Basaez auzoko obren lehen fasea, udal iturriek zabaldu dutenez. Horrekin, Artatza, Joaquin Achucarro eta San Bartolome kaleak urbanizatu dira. Orain, zonaldean eraikiko diren 190 etxebizitzak jarriko dira martxan. Horietatik abian dira jada babes ofizialeko 30 etxeak. Eneko Arruebarrena alkateak prentsaurrekoan aitortu zuenez, "atzerapen txikia izan dute obra hauek, baina behingoz amaituta dago zonaldeko obren lehen fasea, alegia, San Bartolome kale osoaren urbanizazioa, Achucarro kaleko azken zatia eta Artatza kaleko zati bat. Horretaz gain, Altzagaondo parkea egokitu da, zonaldeko gune berdeak amaitutzat emanez". Kaleko egokitzapenarekin batera, auzoan 190 etxebizitza altxatuko dira, hauetatik martxan diren babes ofizialeko 30ak. Oraindik bigarren fasearen obrak geratzen dira egiteko, hau da, kultur gunea eta baselizaren inguruko zonaldea. Proiektu horrek aurreikusten duen bezala, San Bartolome plazaren azalera bikoiztu eta berritu egingo da, herri kirolen korridorea berrituko da eta parkea egokituko da. Urbanizazio lan horien aurrekontu osoa 5 miloi eurokoa da, horietatik Udalak bi miloi baino gehiago jarriko ditu. Gainontzekoa sustatzaile pribatuek jarriko dute. Argazkia: ©
Leioako Udala.