Getxoko euskaldunen eskubideak bermatzeko plangintza integrala eskatu dio Bilduk Udalari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko aza. 29a, 11:54

Gaur, asteartea, egingo dute udal osoko bilkura Getxon, 17:00etatik aurrera. Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna gertu daukagula kontuan izanda, hainbat konpromiso hartzeko eskaera luzatuko dio Bilduk Udalari, mozio bidez. Lehenik eta behin, "bere esku dagoen guztia egitea bere zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten langileen euskalduntzea bultzatu eta bermatzeko"; baita aipatu beharginen "lehen hitza beti euskaraz" izan dadin ere. "Tokiko erakundearen barne funtzionamendua ere euskaraz" izan dadila eskatu du koalizio independentista eta soberanistak. Azkenik, Getxo udalerriko euskal komunitateak dituen hizkuntza eskubide indibidual eta kolektiboak bermatze aldera, "herrian eta atal zein arlo ezberdinetan, euskaraz bizitzeko eskubidea helburu duen plangintza integrala" garatzeko konpromisoa hartzeko eskaera egin diote Udalari. Argazkian, Getxoko Bilduren zinegotziak herritarrez inguratuta, udaletxeko atarian.

Getxoko Bilduk aurkeztutako mozioa

Pertsonak, hizkuntzak eta kultura guztiak berdinak dira duintasunean. Guztiak behar dute berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera, mendetasunik gabe bizitzeko. Horretarako, hizkuntza bakoitzari dagozkion nagusitasuna eta iraunkortasuna bermatu behar zaizkio bere lurralde osoan.

Euskaraz bizi den Euskal Herria gauza ona da denontzat. Ez du arriskuan jartzen euskaldunaren erdara(k). Ezta gaztelania eta frantsesaren garapen osoa ere euren lurralde historikoetan. Espainiak eta Frantziak eta Euskal Herriko hainbat erakunde eta banakoek ordea, gaztelania eta frantsesa inposatzen dituzte Euskararen Herrian eta trabak jartzen, euskaraz bizitzeko. Traba politikoak, juridikoak, ideologikoak, kulturalak eta soziolinguistikoak.

Euskal Herrian ireki den aro politiko berri honetan, hizkuntz gatazka konpontzea, lehentasunezkoa da. Hitz egin behar da hizkuntz asimilazioaz. Euskal Herrian gertatzen den gaztelania eta frantsesaren hedatze sozial izugarriaz. Bereizi behar dira, zein den hizkuntza horien zati onuragarria, - euskal herritarrentzat, euskaldunentzat eta Euskal Herriarentzat-, eta zein zati asimilagarria. Euskal Herriak du hitza eta erabakia.

Herritarrok gara euskara erabiltzeko eta Euskal Herri euskalduna berrosatzeko eragile, babesle eta berme; baita Getxon ere. Horrenbestez, ezinbestekoa da herri gogoa indartzea. Euskararen alde egotetik “euskaraz bizi nahi dut”era pentsamendu aldatzea eta erdaraz egitetik “euskaraz egitera” portaera jiratzea eta eguneroko ohitura bihurtzea.

Beharrezkoa da gaurdanik, gure udalerri honetan, euskarazko elebitasuna praktikan jartzea eta norabide horretan Udal honek ondorengo konpromisoak hartu eta deialdiak luzatu nahi ditu:

1.- Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du bere zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten langileen euskalduntzea bultzatu eta bermatzeko.

2.- Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du bere zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten langileen lehen hitza beti euskaraz izan dadin.

3.- Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du bere barne funtzionamendua euskaraz izan dadin.

4.- Udal honek udalerri honetako euskal komunitateak dituen hizkuntza eskubide indibidual eta kolektiboak bermatze aldera, gure herrian eta atal zein arlo ezberdinetan, euskaraz bizitzeko eskubidea helburu duen plangintza integrala garatzeko konpromisoa hartzen du.

Getxoko Bildu
bildu.info/getxo
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun