Bittor Egurrolak jasoko du bihar Getxoko Euskara Saria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko aza. 29a, 12:48

Bittor Egurrola getxotartutako 67 urteko gernikarrak bigarren “Argia Ereiten” Euskara Saria jasoko du bihar, asteazkena, 20:00etan, Algortako Fadura kiroldegiko areto nagusian izango den ekitaldian. Getxoko Udalak azaldu duenez, "euskararen erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren herriko erakunde, elkarte edo pertsonari emateko saria", euskara eta euskal kultura sustatzeko lanetan bizitza osoa eman duen pertsona baten eskuetara joango da aurten. Besteak beste, musikan (70eko hamarkadan bi disko kaleratu zituen), euskalgintzan ("Euskaldunon Egunkaria" proiektuaren bultzatzaileetakoa eta "UK" aldizkaria zein Bizarra Lepoan elkartearen sortzaileetakoa) eta irakaskuntzan (Algortako San Nikolas ikastolan eta Getxo I institutuan) aritu izan da. Luis Artola artistak egindako egurrezko eskultura jasoko du Egurrolak. Argazkia: © Getxoko Udala.

“Euskara saria, isilpean lan egiten dutenen errekonozimendua da ere bai, kasu honetan urteetan euskararen alderdi ezberdinetan lan egin duen euskaldun aktibo batena. Herri honetako herritar askoren irakaslea izandakoa eta herriko euskararen aldeko hainbat egitasmotan parte hartu duen euskaltzalea, Getxon euskararen alde lan egin dutenen adierazgarria izan daiteke Bittor Egurrola, ziur asko Getxo euskaldunagoa egin duen horretariko bat”, nabarmendu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak.

“Harridura, poza eta esker ona”

Harridura eta, gero, poza eta esker ona sentitu ditu auzokideak sariaren berri izatean. "Beste askok ere merezi izango luketela jakin arren, oso pozik nago bizitzan zehar egindako gauza txikiak eskertzen dizkidatela ulertzen dudalako. Eduki ditudan pazientzia handia eta gogoa eskertzeko modua delakoan nago”, adierazi du. Saritutakoak egun hauetan euskararekiko atxikimendua nondik datorkion egon da pentsatzen eta, aipatu duenez, “uste dut galdu nuen gauza bat berreskuratzeak markatu ninduela bizitza osorako". "Ni euskaldun berria naiz; gernikarra naiz eta etxean txikitan bai entzuten nuela, baina gero eskola publikoan (Francoren garaian) galdu nuen. 17 urterekin ikasteari ekin nion eta euskaraz egin eta horren alde egingo nuela erabaki nuen”, gaineratu du.

Bittor Egurrola 1968tik 1970era kantaldiak ematen ibili zen gitarra batekin. Zazpi kanta kaleratu zituen bi disko txikitan. Nahiz eta oso urrun egon, garai horretako oso gogorapen onak ditu, jende asko ezagutu zuelako eta gauza asko borondatez egiten zituelako. Protesta kantak ziren, Euskal Herriko bizitzari eta nahi zuten geroari buruzkoak. Duela 11 urte "UK" aldizkariaren bitartez, CDa kaleratu zuten bere 7 abesti eta garai horretan zentsuratutako “Umezurtza” kantarekin, besteak beste, pianoan Natxo Libanok eta Xabier Payak lagunduta.

Euskaldunon Egunkariaren aldeko batzordea

Deustuko ikastolan bi urte eman ondoren, 1973tik 1983ra Algortako San Nikolas Ikastolan izan zen. Garai horretan Euskal Filologia ikasi zuen eta 1984ean Getxo I institutuan sartu zen euskara irakasle, eta han egon zen 2006an erretiroa hartu arte. Aldi berean, Egurrola beti, saiatu da euskaren alde lan egiten, beste askok bezala. “Oso garrantzitsua izan zen niretzat Euskaldunon Egunkariaren aldeko batzordean lan egitea Algortan. Proiekziorik gabeko lan isila eta askotan neketsua izan zen, bilerak, publizitatea, dirua eskatzea... Hiruzpalau urtetan ibili ginen proiektua sendotu arte. Bizarra Lepoan elkartearen sorreran ere aritu nintzen, eta gero 'Bizarra Lepoan', gaur egun 'UK' izena duen aldizkariaren sorreran. Lan txikiak baino iraunkorrak” azaldu du euskaltzaleak.

Gaur egun "UK" aldizkariarekin kolaboratzen segitzen du, hasieratik, duela 16 urtez geroztik, argazki zahar bati buruzko esaldi batzuk idazten baititu, herriko historiaren zati bat eskaintze aldera. “Flash Back atala da eta duela 16 urtetik egiten ari naiz. Aldizkaria martxan jarri zenez geroztik geratzen den bakarra naiz”, adierazi du harro getxotartutako gernikarrak.

Getxoko egoerarekin baikor

Bittor Egurrola baikorra da udalerriko euskararen egoerarekin. Kalean gehiago entzun beharko litzatekeela onartu arren, matematikoki kalean presentzia handiago eduki behar zuelako, jende gehiagok ikasi duelako, desfase hori toki askotan gertatzen dela gehitu du. “Nik erdi brometan esaten dut poztu egiten naizela kalean euskaraz hitz egiten entzun eta pertsona hori ezagutzen ez dudanean. Duela 30 urte denok ezagunak ginen, lau katu ginelako eta hori seinale txarra zen, baina gaur egun ez, eta hori poztekoa da”, agertu du Egurrolak.

Amaitzeko saritutakoak mezu bat zabaldu du: “nolabaiteko autokritika egin behar dugu, euskaltzaleok gure egoeraren errua askotan kanpora botatzen dugulako eta hori baino, gure eskuetan dagoena, gauza sinpleak egiteko esfortzuak ere egin beharko genituzkeelako, hau da, telefonoan beti euskaraz erantzutea, toki publikoetan lehenengo hitza euskaraz egitea, euskaraz dauden produktuak kontsumitzea… Ahalegina egin behar da beti!“.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun