Urtero legez, udazkenarekin batera,
ibilaldi neurtua antolatu du Berangoko Sei Herri kultur elkarteak. Igande honetan, abenduak 4, izango da Uribe Kosta zeharkatzen duen martxa. Orain dela 29 urte, herriko gazte talde bat ibilaldia antolatzen hasi zen eta gaur egunera arte mantendu da jende askoren laguntza eta inplikazioaz. "Aurtengo egoera ekonomikoa dela eta, batez ere herriko komertzio eta lantegien esfortzua eskertu nahiko genuke, beraien laguntzarik gabe ezinezkoa izango bailitzateke egun hau aurrera ateratzea", nabarmendu dute antolatzaileek. Bi ibilbide izaten dira: bata, 8 kilometrotakoa gutxi gora behera, txikientzat; eta bestea, 14 kilometro ingurukoa, helduentzat, bikoteka egin behar dena. Azken horiek 8:15ean eman beharko dute izena Sei Herri tabernan, 9:00etan ateratzeko. Txikiek, berriz, 9:00etan daukate apuntatzeko ordua eta 9:30ean ateratzekoa. Irteera eta helmuga Sei Herri tabernan izango dira, Sabino Arana kalean. Argazkian, dozenaka lagun batzen dira ibilaldiaren osteko bazkarian.