Loroñok nabarmendu nahi izan zuen Getxo Irratia Komunikazio Arloaren egoitza hartzen duen gunearen barruan dagoela lekututa, hau da, komunikazio sail osoa leku berean dagoela. Bestalde, programazioren txikiagotze hori "krisia kontuan hartuta" egin zela aipatu zuen, "eta irrati nolabait lehiakorrari eusteak dakarrena aintzat hartuta ere (giza eta diru baliabideen aldetik).
Izan ere, Udalak irratiko bost lanpostu kendu zituen". “Labur esanda”, azpimarratu zuen Loroñok, “manipulazio garbia gertatzen da datu ekonomiko bat eman eta egiten diren beste behar eta zeregin batzuk aipatzen ez direnean. Argi dago PPk ez duela ezagutzen Komunikazio Arloan egiten den kazetari eta komunikazio lana. Horren adibidea da azken urteotan PPk behin batean baino ez duela bisitatu aipatu Arloa, eta noiz eta hauteskunde garaian”.
Lehiaketa publikoa
Beste bi kazetari kontratatzeko lehiaketa publikoa deitu dela emandako datua ere "manipulazioa" da, Komunikazio zinegotziaren hitzetan. "PPk aipatutako bi kazetariek 20 urte baino gehiago daramatzate lanean Komunikazio Arloan eta orain nahi dena da, onetsitako langile kopuruarekin bat etorriz, behin behineko bi lanpostu horiek betiko betetzea", azaldu zuenez.
Kiroletako webgunea
“Eta PPk azkenik”, aipatu zuen Loroñok, “berriro manipulatu eta gezurra esaten du dioenean kanpoko enpresa azpikontratatu dela irratian kirol informazioko minutu apur batzuk edo 'Getxoberri'-n lerro apur batzuk betetzeko. Egia oso bestelakoa da, berriz: azpikontratazioa kiroletako webgunea gestionatzeko da. Webgune hori egunero gaurkotzen da, asteburuetan ere, eta bertan talde getxotarren partiduak on-line eskaintzen dira, lehiaketen emaitzak eta asteburuetan diren kirol ekitaldien berri ematen da, emaitza horiek sms bidez igortzen dira, eta abar. Eta horrez gainera, Getxo Irratiarekin kolaboratzen dute astelehenetik ostiralera, eta 'Getxoberri'-arekin ere hala behar denean. Azken finean, beste behin ere honako paradoxa hau ematen da: inorena ikusteko argitsu, berea ikusteko itsu”.