Kontrol hori informatikoa izango da: giltzarrapo horrek erabiltzailearen beharrezko informazioa hartu ondoren erabiltzeko prest utziko du. Horren ostean txirrindua momentu oro kontrolatuta egongo da GPS sistema bati esker. Bestalde, Informazio Puntua ukipen pantaila bat izango da. Horrekin bizikletaren erreserba egin daiteke eta erabiltzaileek bere kezkak eta zalantzak argitu ahal izango dituzte. Alokairuzko zerbitzua indarrean izango da egunero 6:45etik 21:00etara arte, Informazio Puntua, berriz, 24 ordutan egongo da lanean urteko 365 egunetan. Gainera, aipatu zerbitzua Getxo udalerrikoarekin bateragarria da, hau da, Getxoko bizikleta bat Leioan utz daiteke eta alderantziz, herri bien bidegorrien bitartezko lotura jasangarria sustatuz.
"Udalak ingurumena babestearen aldeko apustua mantentzen du ekintza honekin, jasangarritasuna sustatzen dituzten ekintzak bultzatuz. Alde batetik, bidegorrien sareari bultzada bat emango zaio zerbitzu berri honekin, eta bestetik, zerbitzu honetan lan egingo duten pertsonen gizarteratzearen alde egingo da", azaldu du Arruebarrena alkateak. Udalaren Gizarte Zerbitzuak eta Enplegu Sailak elkarlanean aukeratuko dituzte zerbitzu honetan lan egingo duten herritarrak, beti ere gizarteratze eta lan munduratzeko arazoak dituztenak izanda.
Zerbitzuan alta ematea
Txirrindu hauek erabili nahi duten leioaztarrek alta eman beharko dute zerbitzuan eta txartela lortu. Horretarako hiru bide daude:
1. 900 840 345 doako telefono zenbakira deituta.
2. www.biziprest.com/bizileioabiziz webgunetik.
3. Edo Kultur Leioan. Bihartik abenduaren 16ra bitartean (abenduaren 6 eta 8, eta asteburuak salbu) pertsona bat izango da Kultur Leioako lehen solairuan 9:00etatik 14:00etara arte eskakizunak jasotzen eta beharrezko informazio guztia emateko. Emaus-en dendan ere egin daiteke (Gobelaurre 31, Getxo).