
Getxoko Udaltzaingoak bi lagun atxilotu zituen atzo, asteartea, faltsututako errezetekin Algortako farmazia batzuetan sendagaiak erostea egotzita. Algortako Etorbidetik patruila arruntean ziren tokiko poliziek ikusi zuten espaloi gainetik oinez zihoazen bi gizonezko aldentzen ari zirela, ibilia bizkortuz, agenteak hurreratzen ikustean, udal iturriek adierazi dutenez. Jarrera horren aurrean udaltzainek bi gizonengana hurbiltzea erabaki zuten, beren jarreraren arrazoia ezagutu nahian. Orduan ikusi omen zuten gizonetako batek medikuaren errezetak zituela eskuan. Bigarrenak ere, aldean zeraman galtzarbe-uhal barruan hemeretzi errezeta eta lau kutxa sendagai lasaigarri zituela, antza denez, herriko hainbat farmaziatan erosi berriak. Udaltzaingokoek egiaztatu zuten errezetak hildako mediku malagar batenak zirela eta bere elkargokidearen zenbakia beste pertsona batena zela. Ebidentzia horien aurrean, udal arduradunen arabera, bi gizonezkoek onartu egin zuten errezetak Bilbon “merkatu beltzean” erosi zituztela, bakoitzagatik 5 euro ordainduta. Zer motatako sendagaia den ikusita, uste da “merkatu beltzean” saltzeko zela, substantzia estupefazienteekiko menpekotasun arazo larria duten pertsonei.