PP eta PSE-EE mozioaren aurka agertu ziren uste baitute euskararen gaia "politizatuta eta ideologizatuta" dagoela. Javier Ruiz zinegotzi popularraren iritzian "akatsa da hizkuntzen gaia muturreko jarreraren ikuspuntutik hartzea. Bi hizkuntzen elkarbizitza normalizatuaren, politika ireki eta malguen aldeko apustua egin behar da". Luis Almansa bozeramaile sozialistak zehaztu zuenez, "udalerri guztietan egoera ez da berdina" eta, zentzu horretan, "Udalak azken urteetan euskararen alde egindako lana" goraipatu zuen, "urtero aurrekontu arruntetik 3 milioitik gora euro bideratzen direla euskarazko jardueretara".
Bilduk, Maitane Nerekanen bitartez, euskal hizkuntzaren aldeko "bereizketa positiboaren" alde egin zuen, "hizkuntza guztiek behar baitute berdintasunezko statusa eta parekotasunezko egoera, mendetasunik gabe bizitzeko". Koldo Iturbe Euskara zinegotzi jeltzalea ere, azkenik, "bereizketa positiboaren alde" agertu zen. “Euskara eta gaztelania seme-alabak dira herri honentzat, baina, bat, euskara, txikiagoa da eta, hortaz, laguntza handiagoa behar du”.
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna
Beste alde batetik, eta gai ordenari dagokionez, Udalbatzak aho batez berretsi zuen pasa den ostiralean, azaroaren 25ean, izan zen Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Bozeramaileen Batzordeak hartutako erabakia. Akordioan, gogoratuko denez, "berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, oso eta koordinatua garatzeko konpromisoa" hartzen zuten, arreta berezia jarriz neska gazteengan.
Desjabetzeak
Mozioen atalari helduz berriro ere, udal batzarrean, talde sozialistaren bi mozio onartu ziren. Lehendabizikoan, hipoteka ez ordaintzearen ondorioz, kaleratzeak murrizte aldera, bankuekin bitartekotza lanak egiteko udal-zerbitzua sortzea adostu zuten. Hipoteka ez ordaintzeak familia askorengan eragin duen egoeraren larritasuna nabarmendu zuten talde guztiek eta herrian egoera hori bizi duten auzokoekiko elkartasuna agertu zuten. Sozialistek uste dute gaiak "garrantzi oso handia" duela eta, horri jarraiki, beren etxeetatik kaleratutako edo kaleratuko dituzten auzokoek laguntza juridiko eraginkorra behar dutela Udalaren aldetik. Bilduk ere ekimenaren alde bozkatu zuen, sozialisten proposamena "arazoari irtenbidea emateko egokiena ez" dela uste badu ere. "Halere, neurri interesgarriak izan ditzake", independentistek aipatu zutenez. Horrez gainera, problema horrek "lehentasun handia" du Bildurentzat.
PPk eta EAJk, baina, zuri bozkatu zuten puntu honetan. Popularrek uste dute sozialistena "irtenbide urria eta ez erabakitzailea" dela, arazoari irtenbidea bilatzeko neurriak hartzeko prest agertu ziren arren. Gobernu Taldeak ere zuri bozkatu zuen "eskuduntza bikoiztasuna" ez baitu egokitzat jotzen. "Izan ere, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi aipatu zerbitzua sortuko zuela iragarri zuen", azaldu zutenez. Imanol Landa alkateak, berriz, "elkartasunik beroena" adierazi zien kaltetutako auzokoei, eta problemari irtenbide orokorra emateko beharra nabarmendu zuen; "hori bai, eskuduntza bikoiztasuna ekidinez". "Bere ahalmenaren arabera" Udalak zerbitzua martxan jarriko du. Halere, Landak gogoratu zuen "Getxoko Epaitegietan, udaletxetik 40 metrora, badagoela bitartekotza zerbitzu bat", eta horregatik ez du ikusten "zerbitzua bikoiztearen beharra". Gogoratu, besteak beste, hilaren 24an sendi algortar baten etxebizitzaren enkantea bertan behera utzi zuela epaileak.
Udal batzarraren emisioa
Bigarren mozio sozialista, PSE-EE bera, PP eta Bilduren aldeko botoekin, eta EAJren abstentzioarekin onartu zuten. Bertan, osoko bilkuren ikus-entzunezko emanaldia Interneten bidez eskaintzea eskatzen zen. Gobernu Taldekoek beren abstentzioa arrazoitu zuten osoko bilkura zuzenean emititzeak ekarriko lukeen "kostu handian, ahalegin tekniko, ekonomiko eta langileenagatik". Emanaldian, Bilduk hala eskatuta, auzokoek galde-eskeen txandan esandakoak jasotzea ere eskatzen da. Udal hedabideak direla eta, Getxo Irratia ixtea eskatzen zuen PPren mozioa atzera bota zuten EAJ eta Bilduren botoekin.
Romo Kultur Etxea
Azkenik, onartu egin zuten PP eta PSE-EEren aldeko botoekin, EAJren aurkakoekin eta Bilduren abstentzioarekin, Itzubaltzeta / Romoko kultur etxearen proiektua aztertzea. Oposizioko alderdiek uste dute proiektu horrek, "bere tamaina eta garrantziagatik, gehiengoen adostasuna eta herritarren, batez ere Romo eta Areetakoen, parte hartzea" behar duela. Bozeramaile jeltzaleak, Koldo Iturbek, PP kritikatu zuen Itzubaltzetarentzat "zer erako kultur etxea nahi duen ez argitzeagatik", aipatu herriak, Iturberen esanetan, "kultur etxe duina" behar baitu. Zinegotzi jeltzaleak PPri gogoratu zion proiektua popularren botoekin ere onartu zutela, eta era berean, "sozializatuta dagoela, herritar askotxoren oniritzia jaso duelako".
Testigantzazkoak
Euskararen ingurukoa ez bezala, onartutako gainontzeko mozioak "testigantzazkoak" direla argi utzi nahi izan dute prentsa oharrean udal iturriek; horiek bete beharrik ez dutela ulertzera emanez.