Ostegun honetan, abenduak 1, lehen euskal unibertsitate publikoa izandako Universidad Vasca / Euzko Irakastola Nagusiaren sorreraren 75. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute. Hitzordua 18:00etan jarri dute, Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan (Abandoibarra etorbidea, 3. Bilbo). Lehen unibertsitate hori gaur egungo UPV/EHUren enbrioia izan zen. Ekitaldian parte hartuko dute Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiek. 1936ko azaroaren 18ko Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoan argitaratu zen Euzko Irakastola Nagusia sortzen zuen dekretua. Ondorioz, Bilboko Ospitale Zibilean, Basurton, Medikuntza Fakultatea (Osakintza Ikastola) martxan jarri zen, garai hartan sortu ahal izan zen fakultate bakarra. 1936ko abenduaren 1ean, orain 75 urte, ikasturtearen irekiera-ekitaldia ospatu zuten. Argazkian, 1937ko Medikuntza Fakultateko ikasleak (Danielle Labajos de Bertolin utzitako argazkia Juan Gondraren bitartez) / ©
EHU.