Uribe Kosta eta Erandioko euskalgintzaren zazpi elkartek indarrak batu dituzte Justuri (tximista, bertoko euskaraz) irrati euskalduna sortzeko. Datozen asteotan zabalduko den FM irratientzako deialdian, Eusko Jaurlaritzak Uribe Kostako euskaldunei lau lizentzietatik bakarra gordetzea salatu dute. Eskualdean ia 100.000 euskaldun aktibo zein pasibo bizi dira eta orain arte irratien %13a baino ez dute beren hizkuntzan izan. Gauzak horrela, ez daude aukera txiki hori ere galtzeko prest. Horregatik, irratia lortzeko auzolanean murgildu eta bazkidetza kanpainari ekingo diote. Izan ere, "Uribe Kosta eta Erandioko elkarte kolektibo eta pertsona guztiek ateak irekita izango dituzte proiektuan parte hartzeko", Amaia Arriaga eta Iñigo Fernandez de Martikorena ekimeneko bozeramaileek goizean egindako
prentsaurrekoan (mp3) adierazi dutenez. Kanpainaren abiapuntua gaur arratsaldean jarriko dute, Algortako Aldai Patronatuan 19:30ean egingo duten aurkezpena dela medio. Egitasmo berriari bere ondare guztia emango dio
Koska irratiak, egun hauetan bere desagerpena iragarri duena.