Bihar, ostirala, "terrorismoaren biktimak" omentzeko ekitaldi instituzionala egingo du
Getxoko Udalak. Dirudienez, azaroaren 10eko Memoriaren Egunerako aurreikusita zeukaten, baina atzeratzea erabaki zuen tokiko erakundeak. EAJ, PP eta PSE-EEren parte hartzea ziurtatuta dauka ekitaldiak. Bilduk, ordea, ez dela joango eta plazaratuko duten adierazpenarekin bat ez datorrela adierazi du, prentsa ohar bidez, "biolentzia ezberdinek eragindako giza sufrimendu osoari erreparatuko ez zaiolako". Gainera, beste alderdiei aurpegiratu dietenez, "aipatu adierazpena Bildu Getxoko Udalbatzaren parte ez zenean —aurreko agintaldian— onartu zen eta ez du ordezkatzen gaur egungo Osoko Bilkuraren ahotsa". Koalizio soberanista eta independentistak adierazi duenez, "Bildun argi daukagu ezinbestekoa dela indarkeria mota guztiek eragindako biktima guztiak aintzat hartzea. Horregatik, gure gain hartzen dugu Gernikako eta Aieteko adierazpenetan jasotako kezka eta erantzukizuna". Biharko ekitaldia 12:30ean izango da, 2010eko uztailaren 12an San Inazio elizako zelaigunean lekututako eskulturaren ondoan, Negurin. Egun horretan,
ETAren biktimak baino ez zituen omendu Getxoko Udalak. Plazaratutako agirian, Euskadi Ta Askatasuna erakundeak hildako 17 pertsona baino ez ziren jaso.