Bildu koalizioak atzo bere jarrera argi utzi ostean, EAJ, PP —Marisa Arrue bozeramailea falta zitzaien— eta PSE-EE alderdiek parte hartu dute gaur
Getxoko Udalak deitutako "terrorismoaren biktimak" omentzeko ekitaldi instituzionalean. Egindako adierazpenetan, Imanol Landa alkateak atzera egin du denboran,
2009ko martxoko udal osoko bilkura gogoratuz, gaurko ekitaldiaren "zergatia" azaltzeko. Horren ondotik, 2010eko uztailaren 12an
ETAk hildako 17 pertsona omendu zituzten San Inazio elizako zelaigunean lekututako eskulturaren ondoan, Negurin. Otsailaren 5ean, berriz, "
1936ko gerran, aurreko gatazka zibiletan eta frankismo garaian Getxo udalerrian izandako biktimei" gorazarre egin zieten Galean. Bilduri dagokionez, orain bi urteko adierazpena "Getxoko Udalbatzaren parte ez zenean —aurreko agintaldian—" onartu zela eta "egungo Osoko Bilkuraren ahotsa" ordezkatzen ez duela argudiatu zuen atzo, gaur ez agertzeko erabakia arrazoitzeko. Beste alde batetik, 2009an ezker abertzaleak ez zeukan Udalbatzarrean parte hartzeko aukerarik, Alderdien Legea zela medio. Bestalde, ETAk aurtengo urriaren 20an iragarri zuen borroka armatuaren behin betiko amaiera. Koalizio soberanista eta independentistak atzo kritikatu zuen "biolentzia ezberdinek eragindako giza sufrimendu osoari ez zitzaiola erreparatuko" gaurko ekitaldian. Argazkian, EAJ, PP eta PSE-EEren udal ordezkari gehienak minutu bateko isilunea egiten San Inazio plazan.