Larunbatean gertatutakoaren harira, izaera horretako delitu guztiak salatu ditu prentsa ohar bidez
Leioako Udalak, "gaitzespena are handiagoa izanik biktima adingabekoa denean". Ertzaintzak 45 urteko gizon bat atxilotu zuen herenegun udalerrian, 10 urteko neskato bat hartu eta etxebizitza baten trastelekuan eraso egitea egotzita. Horixe bera ziurtatu dute ikertzaileen iturriek, hainbat albiste agentzien arabera. Hori dela eta, tokiko erakundeak laguntza eta babesa helarazi nahi izan dio adingabekoaren familiari, "aurretik egin izan den moduan". "Une latz hauetan familiak Leioako herriaren eta gizarte osoaren babesa behar du, eta familiak eskatutako enpatia, diskrezioa eta errespetuarekin lortu behar dugu", gaineratu dute udal arduradunek. Ustezko erasotzailea atxiki zuten herritarrei, berriz, "eskerrik beroenak" eman dizkiete, "euren ausardia, arintasuna eta trebetasunari esker, Udaltzaingoa lehenik eta Ertzaintza ondoren etorritakoan, erasotzailea harrapatzea posible egin izan zutelako". Argazkian, Emakumeen Egunean ez ezik, azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean ere egiten dute elkarretaratzea Leioan.