Larunbatean atxilotutako ustezko bortxatzailea kartzelan sartzea erabaki du gaur eguerdian Getxoko Epaitegiak. Ertzaintzak larunbatean atxilotu zuen 45 urteko gizonezkoa Leioan, 10 urteko neskato bat bortxatzen saiatzea egotzita. Salaketaren arabera, gertakaria larunbat iluntzean jazo zen, 20:00ak inguruan. Neskatila bere etxeko atarian sartzen ari zela atzeman eta eraikineko trastelekura eraman zuen, sexu-erasoa burutzeko. Haurra desagertuta zegoela eta, bizilagun batzuk neskatoaren bila hasi eta susmagarria eraikineko eskaileretan topatu zuten. Erasotzaileak labana bat zeraman eskuan, baina, hala ere, auzokideek atxikitzea lortu zuten. Minutu batzuk geroago, udaltzainak eta ertzainak bertaratu ziren eta atxilotu egin zuten. Anbulantzian eraman zuten, toraxean zauria egin zuelako. Erasotzaileak aurrekari penalak ditu emakumeen aurkako indarkeriagatik eta 1993an kartzelan sartu zuten bortxaketa bat burutzea leporatuta. Argazkian, emakumeenganako indarkeriaren kontrako elkarretaratzea eskualdean.