Mumia Abu Jamal AEBetako Filadelfiako Kazetari Beltzen Elkarteko presidente, irrati kazetari, Pantera Beltzetako ekintzailea eta idazlea atxilotu, espetxeratu eta heriotzara zigortu zutenetik 30 urte beteko dira ostiral honetan, abenduak 9. Nazioarteko deialdiarekin bat eginez, Uribe Kosta eskualdean ere "In prison my whole life" (Nire bizitza osoa espetxean) dokumentala proiektatuko dute,
Euskal Herriko Mumiaren Lagunak elkartearen ekimenez. Horrenbestez, aipatu egunean Larrabasterrako Plaza Beltza herri kultur gunean eta Leioako Udondo gaztetxean egongo da ikusgai filma, euskarazko azpitituluekin, 19:00etan eta 19:30ean, hurrenez hurren. Hilaren 13an, berriz, Leioa eta Erandioko campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean proiektatuko dute, bertoko ikasle asanbladaren ekimenez. Hala ere, ez dute oraindik ordua zehaztu. Azkenik, hilaren 16an, ostirala, Plaza Beltzan emango dute hitzaldia Euskal Herriko Mumiaren Lagunek, 19:30etik aurrera. Argazkian, azaroaren 26ko Sopelako Mural Politikoen II. Topaketetan Mumia Abu Jamalen aldeko murala margotu zuten / © Euskal Herriko Mumiaren Lagunak.