Espainiar Konstituzioa herrien, nazioen eskubideak urratzeko sortua da, euskal herritarron eskubideak zapaltzen eta ukatzen ditu. Euskal herria nazioa da eta euskal jendarteak libre eta demokratikoki bere etorkizun instituzionala, ekonomikoa, eta soziala erabakitzeko eskubide osoa du.
Egun bizi dugun krisi testuinguru latzaren aurrean, Estatu espainiarra ekonomikoki hondoratzen ari den honetan, Euskal Herriak independentzia inoiz baino premiazkoagoa du, berarekin batera hondoratuko ez bada. Konstituzioa gure herriari aukera honi indarrez galarazten dion marko legala da. Beraz, gaur ez da ezer ospatzeko eguna, gure herriak duen erabakitzeko eskubidearen alde eta burujabetza politiko eta ekonomikoaren alde lan egiteko baizik.
Lan egutegiaren gainean, espainiar Estatuan, besteak beste patronalaren eskutik eta honen interesen arabera ezarri nahian dabiltzan aldaketa berrien aurrean, LABetik argi eta garbi diogu, euskal langileok geure egutegiaren gaineko eztabaida hemen, Euskal Herrian egin behar dugula. Urteko lan egutegia herri moduan eztabaidatu eta erabaki behar dugu.
Berton bizi gara, berton egiten dugu lan, eta gure lan egutegia berton erabakitzeko eskubidea dugu. Hori dela eta, gaur normaltasunez izango ditugu zabalik gure egoitzak, beste edozein lanegunetan bezala.
Euskal Herrian, 2011ko abenduaren 6an.
LAB sindikatua
www.labsindikatua.org