Sopelan lez, EAEri zinegotziak ordezkatzen ukatu izana ilegaltzat jo du Gorenak

Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANVko zerrendetan aukeratutako zinegotziak ordezkatzearen aurkako debekua atzera bota berri du, Gaspar Egiluz EAEko hautetsi sopeloztarraren antzeko kasu batean. Gaur "Berria" egunkariak jakinarazi duenez, Baltasar Garzon orduko Auzitegi Nazionaleko 5. Aretoko epaileak 2008ko martxoaren 14an ezarri zion agindu hori Hauteskunde Batzorde Zentralari, Ubide herrian EAEko zinegotziaren ordez beste pertsona batek (EAJkoa, gainera) ardura har zezan ekiditeko. Halere, Gorenak erabakitako auzia Villabonakoa da. Bertan, 2009ko uztailaren 31n, Remi Aiestaran alkateorde ekintzailea bihotzekoak jota hil zen, Ertzaintzarekin tentsio uneak bizi ondoren. Bost hilabete beranduago, Hauteskunde Batzordeak debekatu zuen Aiestaranen hutsunea beste zerrendakide batek betetzea, Garzonen autoan oinarrituz. Dena den, Garzonen aginduak "ageriko hutsegite batean" oinarritu eta Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikuluan jasotako sufragio pasiborako oinarrizko eskubidea urratu zuela dio orain Auzitegi Gorenak. Sopelan, 2007ko udal hauteskundeen ostean, EAEko lau zinegotziek karguak hartu zituzten arazo barik. Gaspar Egiluz Getxoko Udaltzaingoko poliziari ez zioten orduan funtzionario publikoa izateagatik bateraezintasuna aplikatu. Bi urte beranduago, Garzonek eta Hauteskunde Batzordeak ordezkapenak ilegaltzat jo ondoren, bateraezintasun afera aplikatzeko eskaera egin zuen Imanol Garai jeltzaleak zuzentzen zuen Udal Gobernuak. Hori ekiditeko aukera bakarra eskaini zioten EAEri: Egiluzek lanpostuan eszedentzia eskatu eta soldata gal zezan. Azkenean, 2007ko urtarrilaren 27ko osoko bilkurak aginduta, zinegotzi ardurari uko egin behar izan zion Egiluzek, ordezkorik izan gabe. Hori dela eta, EAJri "azpijokoz" zinegotzi bat "lapurtzea" egotzi zion ezker abertzaleak. "Legea bete baino ez" zutela egin esan zuen Sopelako alkateak. Argazkian, Gaspar Egiluz osoko bilkura batean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun