Merkataritza Gabonak dira jada Getxo udalerrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko abe. 6a, 23:00

Udal agintariek eta Getxoko Merkataritzako mahaikideek Gabonetako argiak pizteko ekitaldi ofiziala egin zuten atzo Algortan. Algortako Torrene eta Zabala kaleen elkargunean, Imanol Landa alkateak, Maite Ibarbengoechea Getxo Enpresako presidenteak eta Merkataritza Mahaiko kideek lehen aldiz isiotu zituzten aurtengo Getxoko Gabonetako argiak. Udalak berak azaldu duenez, koloretako bonbillek 100.000 euro koskatuko zaizkie getxoztarrei, iaz bezala. Izan ere, "krisialdi ekonomiko larria dela eta, Getxoko Udalak argiztapen horren aurrekontu osoa hartu du bere gain, bigarren urtez". Gabonetako argiztapena piztuta egongo da 2011ko urtarrilaren 6ra arte. Argazkia: © Getxoko Udala.

Udalak argien ordutegia ere zabaldu du: igandetik ostegunera, 18:00etatik 22:30ak arte; eta ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperatan 18:00etatik gauerdira arte. Imanol Landa alkateak adierazi zuenez, “jarduera hau, bizi dugun krisialdi larriaren aurrean, Udal Gobernu Taldeak bertoko merkataritzari ematen dion laguntzaren beste adibide garbi bat da”.

Udalak leku publikoetan ipini dituenak honako hauek dira: kontsumo txikiko 780 metro luzeko argi-hari mikro bonbilla edota LED (77,8 Kw.) argitxoekin eta beste 94 mikro bonbilladun apaingarri (1.435 metro luzeko eta 23,5kw-ko argi-hariaren baliokideak). Apaingarriak, Eduardo Coste kalea, Santa Ana plaza, Bizkaiko Zubiko plaza, Areetako etorbidea, Ganeta plaza, Artaza biribilgunea, Asuako errepidea, Arriluze, Zugatzarte, Basagoiti, Amezti, San Nikolas plaza, Euskalerria kalea, Manuel Gainza parkea, Bidezabal, Ormaza biribilgunea, Oiarretxe, Maidagan, Malakate, Andra Mari kiroldegia, Aingeruaren etorbidea, Villaondoeta eta Salsidu kaleetako hainbat lekutan jarri dira.

Merkatalguneak

Bestetik, Getxoko Udalak aurten, iaz bezala, udalerriko merkataritza guneetako argiztapenaren kostu osoa beregain hartuko du, "bezeroentzat ingurua erakargarriagoa egiteko, eta udalerriko merkatariek eta ostalariek euren jarduera gehitzeko". Getxo Enpresa eta Merkataritzarekin elkarlan estuan, eta "egungo egoera larria kontuan hartuta", Udalak kaleetako gabon argiak ordaintzeko herriko enpresak dirurik ez gastatzea nahi izan du, legealdi osoan egin duen bezala, "Getxoko enpresen aldeko apustuaren harira beste keinu bat eginez".

“GetxOn!”

Udalerriko 2.000 denda eta ostalaritza establezimenduak aurtengo eguberriko kanpainan “GetxOn!” marka berria sustatzen hasi dira jada. Horrela, marka hedatzeaz gain (triptikoak eta merchandising anitza banatuz). udalerriko mugimendu handiko gunetan tamaina handiko irudiak jarriko dira eta, kanpainako irudiarekin eta logo berriarekin, bezeroen artean banatzeko, 15.000 gabon-postal eta Olentzeroari bidaltzeko edo Gabonak zoriontzeko eskutitzak banatuko dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun