Bestalde, hilaren 16ko zineklubak “Agua con sal” izenburuko pelikularen proiekzioa eskainiko du, 21:00etan, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Horrek laneko esplotazioak eta diskriminazioak elkartutako emakume espainiar baten eta kubatar baten istorioak kontatzen ditu. Hilaren 12tik 19ra, berriz, “Muga ikusezinak” argazki erakusketa ikusi ahal izango da Villamonteko kultur aretoan, Algortan. Bitartean, Jabekuntza Eskolarekin elkarlanean antolatutako saioak kultur-artekotasuna, integrazioa eta elkarbizitza izango ditu mintzagai eta Atzerritartasun Legeari buruzko informazio saioa hilaren 21era aurreratuko da. 19:00etan izango da, Villamonteko kultur aretoan. Azkenik, urtarrilaren 7tik martxoaren 24ra bitartean irrati tailerra izango da, 18 urtetik gorako pertsonari zuzenduta, "aniztasun kultura handiko taldeetan lan egin eta gaurkotasun handiko giza eta kultura arazoei heldu nahi dietenentzat".
Tailerra eta eztabaida gunea
Marco Ramirez Getxoko Etorkinak plataformako presidenteak "Etorkizuna" izeneko tailerra edo eztabaida gunea aurkeztu zuen asteleheneko prentsaurrekoan. Hori abenduaren 17an izango da Algortako Gaztelekuan, 11:00etatik 14:00etara. Horrekin batera hilaren 18rako, iganderako, Kultur-arteko jaia (12:00etatik aurrera, Algortako Telletxe plazan) ere antolatu dutela gaineratu zuen. “Dantzak, musika, janaria, tailerrak eta oroitzapenezko adierazpen bat irakurriko dugu. Gainera performance bat egiten saiatuko gara eta horretarako hurbiltzen direnei maleta bat ekartzea eskatu nahi diegu, denok migranteak izan garela, garela eta izango garela erakusteko, kulturarteko gizartearen aldeko apustua egiten dugula adierazteko, denok eskubideen berdintasunean parte hartuz”, azpimarratu zuen Marco Ramirezek.